Gizartea -
Eutanasia
Eutanasiaren egoera legala munduan
Eutanasia aktiboa sei estatutan baino ez da legala, baina egoera terminalean dagoen gaixo bati heriotza eragiteari buruzko eztabaida mundu osoan zehar dago.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Jose Carrasco gaixo terminalaren suizidio lagunduaren kasuak –Angel Hernandez senarrak hiltzen lagundu dio– mundu osoan zehar eutanasiaren inguruan dauden legeriei buruzko eztabaida berpiztu du.
Lau eutanasia mota daude. Eutanasia aktiboa eskatzen duen pazienteari heriotza eragitea da, drogak edo beste neurriak erabilita. Herrialde gehienetan zigortuta dago, baina legezkoa da Herbehereetan, Belgikan, Luxenburgon, Kanadan, Kolonbian eta Victoria estatuan, Australian.
Suizidio lagundua aktiboaren antzekoa da. Kasu honetan, medikuak drogak ematen ditu, baina pazienteak berak hartu behar ditu. Metodo hau legala da Suitzan, eta onartuta edo ez zigortuta dago Alemanian, Albanian eta Estatu Batuetako zazpi estatutan.
Eutanasia pasiboa gaixotasun atzeraezina duen paziente baten bizitza luzatzeko neurri guztiak deuseztatzea da, eta zeharkakoa, mina arintzeko lasaigarriak ematea, horrek heriotza aurreratzen badu ere.
Egoera legala Euskal Herrian
Espainiar estatuan, Zigor Kodearen 143. Artikuluaren arabera, "norbaitek inor bere buruaz beste egitera induzitzen badu, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio". Zigor hori murriztuko da "biktimak beren beregi, benaz eta zalantzarik gabe hiltzeko laguntza eskatu badio, heriotza eragingo dion gaixotasun larria duenean".
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2018ko uztailean, Eusko Legebiltzarrak ahalegin terapeutikoa mugatzea eta sedazioa arautzen zituen legea onartu zuen, eta ezarri zuen gaixoak dauden aukera klinikoen artean libreki hautatzeko eskubidea duela, eta osasun langileak behartuta daudela agonia egoeran dagoen pertsonak hartutako erabakiak errespetatzera.
Nafarroako Foru Erkidegoan, 2003tik bizi testamentu bat erregistratzeko aukera dago. Bertan sufrimendua saihesteko edo agonia luzatzeko pertsona batek jaso nahi dituen zainketak jasotzen dira. 2015ean, Parlamentuak Espainiako Gobernuari Zigor Kodea aldatzea eskatu zion, eutanasia eta suizidio lagundua despenalizatzeko.
Europar Batasuneko legedi desberdinak
Herbehereek 2002an legeztatu zuten eutanasia, baina erabili daiteke soilik gaixoak berariazko eta idatzizko baimena eman badu eta "itxaropenik gabeko sufrimendu jasanezina" izateagatik hiltzeko nahia erakutsi badu.
Kasu guztietan, injekzio hilgarria mediku batek onartu, ikuskatu eta aplikatu behar du. Herrialde honetan azken hamarkadetan izan diren polemiken artean daude gaixo mentalen kasuak, egoera atzeraezina dela erakustea zail egon den kasuak edo pazienteak hiltzeko gogoa hitzez adierazi duen kasuak.
Belgikan, 2002an despenalizatu zuten eutanasia, zenbait egoeratan. Gaixoak eskatuta, medikuak legeak ezarritako baldintzak betetzen badira burutu dezake. "Gauza eta kontziente den" gaixo batek egin dezake eskakizuna, edo, egoera inkontzientean eta atzeraezinean badago, "lehenagoko adierazpena" egin behar izan du. Bi kasuetan, gaixoak berak baino ezin du eskatu eutanasia. Mediku batek ez badu egiten edo legeak ezarritako baldintzak eta prozedurak errespetatzen ez baditu, zigortuta dago.
Eutanasia pasiboa, arreta medikua ez emateagatik edo bertan behera uzteagatik, onartuta dago Alemanian, pazientearen borondate adierazia edo ustezkoarekin bat badator. Horretarako, bizi testamendua kontsulta daiteke.
Europako herrialde gehienetan legez kontrakoa da eutanasia aktiboa. Erresuma Batuan 14 urte arteko kartzelarekin zigortuta dago. Italian bat eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak daude "beste pertsona baten suizidioa zehazten edo nahia elikatzen duenarentzat".
Irlandako Errepublikan debekatuta dago eutanasia, eta homizidio edo hilketa karguak ekar ditzake, biziarteko kartzela zigorrarekin. Alemanian, pazienteak eskatutako eutanasia aktiboa sei hilabete eta bost urte arteko kartzelarekin dago zigortuta.
Eutanasia aktiboa eta suizidio lagundua ez daude legeztatuta Europako iparraldeko herrialdeetan. Danimarkan, adibidez, hiru urte arteko espetxe zigorrak daude.
Suitzako kasua
Bere bizitzarekin amaitu nahi dutenentzat leku aproposa da Suitza. Beren herrialdeetan legezkoa ez dena egitera doazen atzerritar asko daude.
Suizidiora bultzatzera edo laguntzea zigortzen du Suitzako Zigor Kodeak, baina soilik tartean "arrazoi berekoiak" badaude. Horrek atea irekitzen die zenbait eutanasia moduri, eta ahalbidetzen du, adibidez, 80ko hamarkadatik medikamendu hilgarriak ematen dituzten erakundeak egotea.
Erakunde horiek ezin dute irabazi asmorik, eta medikamendu horiek agindu ahal badituzte ere, hartzaileak jarrera aktiboa izatera baldintzatuta dago. Praktikan, horrek eutanasia "pasiboa" legeztatzen du, nolabait, baina ez aktiboa.
Bizi testamendua
Dokumentu horren bidez, adinez nagusi den edozein pertsonak idatziz utzi dezake zainketei eta osasun tratamenduei buruzko bere borondatea, zuzenean adierazi ezin izango duenerako.
Horren inguruko legeak egin dituzte estatu batzuek. Austria da horietako bat. Bertan, bizi testamenduaren bitartez zehaztu daiteke gaixoa egotean nahi den tratamendua eta, beharrezkoa bada, bizitza modu artifizialean luzatzeko neurriak bertan behera utzi behar diren. Bizi testamendurik ez badago, neurri horien inguruko erabakia familiarren ardura da.