Gizartea -
'Cabezudo auzia'
Modelo agentzia bateko zuzendaria ari dira ikertzen, 'Cabezudo auzia'rekin lotuta
2005 eta 2014 urteen artean Cabezudoren webgune batzuetan haur pornografia zabaltzen lagundu omen zuelako deitu dute deklaratzera agentzia donostiar horretako zuzendaria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako modelo agentzia bateko zuzendariak Kote Cabezudo argazkilariaren auziarekin lotuta deklaratu du ostiral honetan, ikertu gisa. Cabezudo espetxean dago gaur-gaurkoz, hainbat modelori egindako ustezko sexu delituengatik.
Gai horrekin zerikusia duten iturriek esan dutenez, auzia ikertzen dabilen Donostiako 3. zenbakidun Instrukzioko Epaitegiak deitu du deklaratzera, 2005 eta 2014 urteen artean Cabezudoren webgune batzuetan haur pornografia zabaltzen lagundu omen zuelako.
Horrenbestez, hiru dira dagoeneko afera honetan nahastutako pertsonak, Kote Cabezudo ez ezik, informatikari bat ere ikertzen ari baitira.
Modelo agentzia horretako zuzendariaren deklarazioa 09:30ean hasi da, eta bi ordu iraun du.
Lekukotza bukatu dutenean, Oscar Padura ikertuaren abokatuak ukatu egin du agentziako zuzendariak webgune horiekin zerikusia duenik.
Ildo horretan, Padurak azaldu du akusatuak 1995ean soilik izan zuela harremana Cabezudorekin. Garai hartan, argazki saio batzuk egin zituen Donostiako agentzia horretako modeloekin, baina gerora "ez dute inolako harremanik izan", 2009an argazki jakin batzuetarako egindako "kolaborazio puntual bat salbu".