Gizartea -
Adingabeei egindako abusuak
Irungo umezurtz-etxean abusuak egin zizkiotela salatu du gizon batek
Javi Hamzaouik salatu duenez, zazpi urte zituenean, 70ko hamarkadan, abusuen biktima izan zen umezurtz-etxeko ile-apaindegian.
Euskal Telebista
Irungo umezurtz-etxean, zazpi urte zituenean, abusuak egin zizkiotela salatu du gizon batek. Euskal Telebistari esan dionez, umezurtz-etxeko ile-apaindegian bizi izandakoak, 70ko hamarkadan, "bizitza suntsitu" dio, eta kontatzeko beharra zuen.
"Ilea mozteaz gain, zakila ateratzen zuen, masturbatzera behartzen gintuen, ukitzen gintuen eta aldizkari pornografikoak erakusten zizkigun", dio abusuak burutik kendu ezin dabilen Javi Hamzaouik.
Biktimak Ertzaintzaren aurrean deklaratu du, bortxatzailea identifikatzeko. Kontatu duenez, pertsona ospetsua da Gipuzkoako udalerrian. Horregatik, ez du zalantzarik izan salaketa jartzean.
Gainera, kaletik ikusten duenean "pederasta" deitzen diola onartu du Hazaouik.
"Uste dut, sinesten dut eta ia ziur nago jende guztiak zekiela, baita mojek ere", salatzen du gizonak. 54 urte ditu egun; bortxatzaileak, 70tik gora. Abusu hauen gainean "isiltasun itun" bat dagoela uste du biktimak.
Parisen jaio zen Hamzaoui, eta hiru urterekin heldu zen Irunera, amona, ama eta anaiarekin batera. Amak ezin izan zuen semeak zaindu, eta amonak umezurtz-etxera eramatera erabaki zuen. Gaur egun, zahar-etxe bat da eraikina.