Gizartea -
Eutanasia
Andreari hiltzen lagundu dion gizonak 'suizidio lagundurako eskubidea' aldarrikatu du
Hedabideei bidalitako gutun batean, Angel Hernandezek % 82ko desgaitasuna zuen emaztearen gaixotasuna azaldu du, eta bere nahia "bizitzarekin bukatzea" zela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilen bere emazteari hiltzen laguntzeagatik atxilotutako gizonak, Angel Hernandezek, gaixotasun terminala zuen andreak bizitzarekin bukatu nahi zuela azaldu du eskutitz batean, eta berak ezin zuenez, nahi hori betetzen lagundu "beste biderik ez" duela izan esan du.
Modu Duinean Hiltzeko Eskubidea elkarteak hedabideei bidalitako gutunean, martxoaren 10eko datarekin, Angelek 61 urteko Maria Jose Carrasco emaztearen gaixotasuna azaltze du. 1989tik esklerosi anizkoitza zuen, % 82ko desgaitasunarekin, eta urteak zeramatzan hiltzeko laguntza eskatzen.
"Maria Josek, bere bizitzarekin bukatzeko eskubidea erabilita eta askatasunean erabakita, bere suizidioarekin jarraitzea erabakitzen duenean bukatuko da istorio hau. Argi dago Mari Joseren nahia bete dadin laguntza behar duela, berak bakarrik ezin duelako, eta etengabe laguntza hori eskatzen duenez, nahia bete dadin laguntza hori eman beste biderik ez dago", dio senarrak.
Hernandez asteazken arratsaldean atxilotu zuten, bere emaztearekin bizi zen etxebizitzan, Madrilen.
15:00ak inguruan bertaratu ziren Summako sanitarioak. Heriotza baieztatu zuen, eta Poliziari ohartarazi zioten senarrak fase terminalean zegoen emaztearen heriotza eragiteko substantzia eman ziola.
Gutunean, emaztearen gaixotasuna azaldu du gizonak: agerraldiak izaten zituen, urtean behin edo bi aldiz, ibilera ezegonkorra, inkontinentzia (hitzezkoa eta ondestekoa), eta garbitu, jan eta jantzi bezalako eguneroko ekintzak egiteko laguntza behar zuen.
Eutanasia gaixotasun atzeraezin bat duten "pertsona guztien hautatzeko askatasunaren barruan" egon behar dela uste du Hernandezek.
Azaldu duenez, bere emazteak "kalitate oneko" zaintza aringarriak jasotzen zituen. Horiek behar edo eskatzen dituen edonork izan behar dituela esan du Hernandezek, baina "Maria Jose bezalako pertsona batek eskatzen duenean suizidio lagundurako eskubidea ere egon behar dela" nabarmendu du.
"Zaintza aringarriak ez dira eutanasiaren alternatiba bat. Biak izateko aukera izan behar da, hautatzeko askatasunarekin", dio atxilotuak.
Azkenik, arazo hau existitzen dela "ukatzen" dutenei zuzendu zaie: "Maria Jose bezalako pertsonei eta beren familiei euren jarreragatik eragiten dieten sufrimenduaz jabetzea nahiko nuke".
Zentzu horretan, "eutanasiaren aldeko jarreretara joan beharko lirateke legegileak, inor gehiago Maria Jose eta Angel joandako bideetatik ibili behar ez dadin".