Gizartea -

2018ko txostena

Haurrei egindako sexu abusuen inguruko protokoloa prestatzen hasi da Arartekoa

Lezertuaren esanetan, haurrei egindako sexu abusuen salaketak "oso eskasak" dira; eta, hortaz, delitua jazartzea oso zaila da.

Argazkia: pexels.com
Panpina bat aurpegia pailazo tristez margotuta
Argazkia: pexels.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurrei egindako sexu abusuei modu eraginkorrean aurre egiteko protokoloa lantzen dabil Arartekoa, eta Manu Lezertuak gaur iragarri duenez, udazkenerako prest izango du proiektua. Asmoa administrazio publikoaren erantzuna koordinatzea da; mota honetako kasuak prebenitu, atzeman eta ezagutarazteko, biktimak artatzeko eta erasotzaileak zigortzeko.

Kasu gero eta gehiago azalerazten diren honetan, eta ikusita ezein administraziok ez diola zereginari heldu, Lezertuak esan du bere bulegoak hartu duela protokoloa prestatzeko ardura. Auziari hainbat arlotatik helduko diote: hezkuntza, osasuna, justizia eta gizarte zerbitzuak, besteak beste.

Arartekoaren 2018ko txostenaren nondik norakoak aurkezteko asteazken honetan, Gasteizen, Manuel Lezertuak prentsaurrekoa emateaz gain, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari ere helarazi dio.

Lezertuak azaldu duenez, haurrei egindako sexu abusuen salaketak "oso eskasak" dira; eta, hortaz, delitua jazartzea oso zaila da. Ildo horretan, sintomak antzemateko garrantzaia azpimarratu du Arartekoak.

Bestalde, Elena Ayarza Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako bulegoko arduradunak hainbat txosten aipatuta azaldu duenez, bost umetatik batek sexu abusuak pairatzen ditu; gainera, ezagutzera ematen diren kasu gehienak familia ingurutik kanpo ematen badira ere, txosten horien arabera, sexu abusu gehienak familia artean ematen dira.

Arartekoaren txostena

Arartekoak gaur aurkeztutako txostenaren harira, 2018. urtean barrena, guztira 14.549 jarduera egin dira (aurreko urtean baino % 8 gehiago). Horietatik 9.205, kexak eta kontsultak izan dira, eta 61, ofiziozko espedienteak. 11.542 zerbitzu egin dituzte herritarren arretarako bulegoetan: ia 5.000 telefonoz, eta 6.500 aurrez aurre, informazio eta aholku eske gure hiru bulegoetako batera etorri diren pertsonak artatzen.

2018an 1.658 kexa-espediente ebatzi ditugu eta 1.113 ebazpen eman. Ebazpen horiek aztertuta, jarduera okerren bat zegoela iritzi diogu horien % 53tan (2017koa baino ehuneko handixeagoa, ordukoa % 48koa izan baitzen).

Bestalde, behera egin dute gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoekin loturiko kexek: 713 izan dira (2017ko 829 kexen aldean). Horietako askok Lanbideren funtzionamenduarekin dute zerikusia, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) kudeatzerakoan egin dituen jarduerekin.

Beste arlo hauetan ere jarduera bizia nabari da: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak. Horrela, Arartekoak bideratu dituen kexa-espedienteetatik % 55ek baino gehiagok eskubide sozialekin dute lotura. Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko kexa idatziak ere ugariak dira. Horietako asko, gizarteratze arlokoak barne, gizon-emakume guztien benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko politika publikoekin lotuta daude. Hori lortzeko, emakumeei, adinekoei, ume eta nerabeei, desgaituei, LGTB pertsonei, etorkinei, ijitoei eta abarri eskubide hori baliatzea eragozten edo zailtzen dieten oztopoak kendu behar dira.

Bideratutako kexa-espedienteek administrazio bakoitzari zer proportziotan eragiten dioten adierazten duten datuak aztertuta, aurreko urteetan bezala, 2018an Eusko Jaurlaritzaren kontra egin dira kexa idatzirik gehienak (% 60 baino gehiago), eta zertxobait gehitu dira EAEko udalen jarduerei buruzkoak (% 27).

Bestalde, 2018an, 729 kexa-espedientetan aipatu da argi eta garbi haurren eta nerabeen presentzia edo inplikazioa, alegia, Ararteko erakundeari egindako kexa guztietatik % 27,97tan.

Halaber, kexagileetatik %7 6k ontzat edo oso ontzat jo du jaso duen arreta. % 77k baino gehiagori oso ona edo nahiko ona iruditu zaio Arartekoaren esku-hartzea; eta, % 83k baino gehiagok Arartekora jotzeko gomendatuko liekete administrazioarekin arazoren bat dutenei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak