Gizartea -

SEXU ABUSUAK

Donostiako La Salleko apaiz batek egindako sexu abusuak salatu ditu gizon batek

1967. urtean gertatu ziren gehiegikeriak, salatzaileak 11-12 urte zituenean. ETBri kontatu dionez, hankak, izterrak eta sexu-organoak ukitzen zizkion.

Josu Berra, salaketa jarri duen 62 urteko gizona. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Josu Berra, salaketa jarri duen 62 urteko gizona
Sexu abusu salaketa, Donostiako La Salle ikastetxeko apaiz baten kontra

1:32

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1960ko hamarkadan, Donostiako La Salle ikastetxeko apaiz batek sexu abusuak egin zizkiola salatu du gizon batek. 50 urte baino gehiago behar izan ditu gertaturikoaz hitz egiteko, baina salaketa jartzeko pausoa eman du eta biktima gehiago egon daitezkeela uste du. Abusuak preskribatuta daude.

Josu Berrak 62 urte ditu eta Errenterian bizi da egun. ETBri kontatu dionez, 1967. urtean gertatu ziren sexu abusuak, berak 11-12 urte zituenean.

Salaketan jasotzen denez, apaizak hankak, izterrak eta sexu-organoak ukitzen zizkion. Arratsaldeetan, eskolak amaitutakoan, erlijiosoak bizi ziren etxera gonbidatzen zuen, eta bertako besaulki batean egiten zizkion sexu abusuak. Abusuak egun batetik bestera amaitu zirela gaineratu du.

Urte asko isilik eman ostean, barruan zeraman harra kanporatzea erabaki du, eta bide horretan bidelagun izan ditu familia eta lagunak.

Salatzaileak ez daki sexu abusuak egin zizkion irakaslea bizirik dagoen ala ez, baina antzeko egoeraren bat bizi izan duen edonori laguntzea du helburu.

La Salle San Luis ikastetxetik jakinarazi dutenez, ez dute salaketaren berririk jaso, baina, jasoz gero, Fiskaltzaren esku jarriko dutela eta argibideak emateko prest daudela adierazi dute.

Ikastetxearen gutuna ikasleen gurasoei

Salaketaren berri izan ostean, La Salle ikastetxeko zuzendaritzak gutuna igorri die egungo ikasleen gurasoei, gaur arte gertakari horiei buruzko berririk izan ez dutela azpimarratuz.

Horrenbestez, La Salle ikastetxea "Justiziarekin elkarlanean" aritzeko prest dagoela adierazi dute, "adin txikikoen eskubideak eta haien duintasuna babestu egin behar direla sinetsita gaudelako".

"La Salle 300 urtetik gorako historia duen erakundea da eta beti arduratu gara neska-mutikoen hezkuntza zaintzeaz, hori baita biderik eraginkorrena haien eskubideak eta duintasuna bermatzeko", azaldu dute oharrean.

Ildo horretan, beren ikastetxeak adin txikikoentzat "eremu seguruak" izatea nahi dutela eta horretarako duela hainbat urte irakasleei zuzendutako "protokolo zehatzak" ezarri zituela nabarmendu dute.

Halaber, eta prebentzioa sustatu eta "desio ez ditugun gertakariak saihesteko", duela gutxi kode etiko bat sortu dutela jakinarazi dute.

"Etika Batzorde bat jarri dugu abian, duintasunaren kontrako jarrerak antzemanez gero, gardentasunez eta azkartasunez auzia Justiziaren esku uzteko", gaineratu dute gutunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Delituak Gizartea Albisteak Gaur Errenteria bideoak Gaurko azken orduko albistea Umeak Sexu erasoak Sexu abusuak Elizan Gotzain Biltzarraren albisteak gaur