Gizartea -
Elkarrizketa
Caballero: 'Ikerketari eragiten dioten murrizketen aurrean erantzun beharko genuke'
Eva Caballerok Radio Euskadin zuzentzen duen 'La Mecánica del Caracol' zientzia, teknologia eta historiari buruzko saioak bere 2.002. saioa ospatuko du apirilaren 4an.
Mikel Dominguez | eitb.eus
Bederatzi urteren ostean, 'La Mecánica del Caracol' saioak 2.002. emisioa ospatuko du apirilaren 4an, osteguna, EHUren Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera.
Juan Ignacio Perez Iglesias, Raul Ibañez, Santiago Perez Hoyos, Manu Hernandez eta Amanda Sierra kolaboratzaileak Eva Caballerorekin batera izango dira Bilbon, Bizkaia Aretoko Arriaga entzunaretoan (Abandoibarra etorbidea, 3), publikoaren aurrean irratsaio berezia egiteko. Hernandezek, gainera, esperimentu bat egingo du entzuleen aurrean. Saiora joateko gonbidapena eskuratzeko, lamecanicadelcaracol@eitb.eus helbidera idatzi behar da.
Radio Euskadiko saioak bost ordu eskaintzen die astero zientziari, teknologiari eta historiari. Ordutegi duina du saioak, astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 20:00ak arte, jende askori heltzeko modukoa, eta goizaldean berriz ematen dute. Eva Caballerok zuzentzen du.
Guztian dago zientzia, baina ez al diogu bizkarra ematen?
Oraindik ezjakintasun dezente dago. Gizartearen kultura zientifikoa ez da bereziki altua. Izan ere, zientziaren pertzepzio sozialari buruzko inkestak egiten direnean, heren batek interes "gutxi" edo "bat ere ez" duela ikusten dugu. Horien artean, askok diote ezagutzen ez dutelako dela. Jakin-mina piztu eta jendea prestatuago egotea eta kultura zientifiko handiagoa izatea lortzen baduzu, zientziak eta teknologiak dakartzaten onurak hobeto ulertzea eta baloratzea ere lortzen duzu. Teknologiaren mendeko gizarte batean bizi gara, baina ez ditugu bere funtzionamenduaren oinarriak eta dituzten ondorioak ulertzen. Deskonexio hori murriztea garrantzitsua da.
Bestalde, gizarteak ikerketan inbertitzeak duen garrantzia ikustea ere inportantea da. Espazio-ikerketaz hitz egiten dugunean, entzule batzuek galdetzen dute zergatik inbertitzen den hainbeste diru Martera joan edo ilargian ura dagoen jakiten saiatu nahian… Hautemangarriagoak diren gauzetan inbertitzea hobe litzatekeela uste dute. Hala ere, gaur egun erabiltzen ditugun garapen teknologiko asko espazioaren ikerketatik datoz; mikrouhin-labeak eta eskanerrak, adibidez. Oso teorikoak diren garapenek ere lortzen dute, noizbait, osasunean edo teknologian ezartzea.
Horrela, ikertzaileen lanera hurbildu zarete, inbertsioak oso momentu txarra igaro duenean.
Gizarte honek erreakzionatu beharko luke ikerketari eragiten dieten murrizketen aurrean. Espainian, krisiaren garaian, laborategi eta ikerketa talde asko desegin ziren dirurik ez izateagatik, eta horrek aurrerapen zientifikoetan urte batzuk atzera egitea ekarri zuen. Euskadin egoera hobean gaude. Krisiaren ekaitzetik asko hobeto atera ginen, baina ezin gara erlaxatu. Ulertu behar dugu ikerketa zientifiko eta teknologikorik gabeko herrialde batean garapena eta lehiakortasuna murriztu egiten direla, eta horrek galera ekonomikoak dakartza. Badirudi zenbait buruzagi espainiarrek ez dutela ulertu. Estutasun larriak igaro dituzte zientzialariek; batez ere, hemen trebatu diren eta atzerrira joan behar izan duten ikertzaile gazteek. Kostatuko zaigu horiek itzultzea.
Zientzialariek laborategietan zer egiten duten azaltzeak ez du balio soilik zein aurrerapen izan diren ulertarazteko, beren lana zein zaila den erakusteko ere balio du. Ez dago formula magikorik. Inbertitzea garrantzitsua da, prozesuek denbora eta lan pila bat behar dutelako.
Bakarrik zuzentzen duzu saioa, baina profesional asko dituzu inguruan.
Bakarrik egiten dut saioa, baina saioa aurrera ateratzeko oinarrizkoak diren kolaboratzaileak ditut nirekin. Kalitatezko pertsonak dira. Ezagutza jendarteratzeko gaitasuna dute, eta atzerriko gaiak eta publikazioak komentatzea ahalbidetzen didate.
2.000 saio bete dituzu. Zaila ote da hainbeste denbora mantentzea hain aldakorra den hedabideen munduan?
Irratian, zorionez, ez gaude audientziaren menpe mantentzeko. Radio Euskadi bezalako irrati publiko batean, saio hau zerbitzu publiko bat da, 'Norteko Ferrokarrila' (Euskadi Irratia) eta 'Teknopolis' (ETB) bezala. EiTBk zientziaren dibulgazioaren alde egiten duen apustua da.
Nolakoa da 'La Mecánica del Caracol'en entzulea?
Denetarik dago. Radio Euskadi pizten duten eta harrapatuta geratzen diren entzuleak daude, besteak beste, osasunarekin edo nutrizioarekin lotutako gaiak interesgarriak iruditzen zaizkielako, eta saioa nahita bilatzen dutenak daude. Batzuek ezin dute ohiko emisioaren bidez entzun, eta podcastean bilatzen gaituzte. Gai zehatzetan edo, orokorrean, dibulgazio zientifikoan interesatuta daude. Ohiko emisioaren bitartez inoiz iritsi ezineko entzuleengana heldu gara Interneti esker.
Nola aldatu da irratsaioa denbora honetan? Eta etorkizunean, nolakoa izango da?
Hasieran, nire ideia kuriositatea pizten zituzten gaiak jorratzea zen, edozein gairi buruz ikasteko. Denborarekin, gero eta interes handiagoa izan nuen zientzian eta teknologian, eta gai askori buruzko saioa zena dibulgazio zientifikoaren gaineko irratsaioa bilakatu zen. Etorkizunean, bide beretik jarraitzea nahiko nuke.
Gaurkotasunean gai zailak eta gogorrak daudenean, gaur egun politikoa nola dagoen ikusita… Pila bat pozten naiz zientzialariekin, ikertzaileekin eta unibertsitateko irakasleekin lan egiteaz. Zoragarriak dira, eta ez dizute arazorik ematen. Oso lan interesgarria daukate, eta, gainera, gogotsuak eta abegitsuak dira. Asko errazten didate lana.