Gizartea -
Lan berdintasuna
Jaurlaritzak 16 astera luzatuko du aitatasun baimena udazkenetik aurrera
Modu horretan, Estatuak araututako amatasun baimenarekin parekatuko dute aitatasun baimena, estreinakoz guraso izango direnen eta familia gurasobakarren kasuetan ere.
EiTB.EUS
Beatriz Artolazabalek zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila dekretu bat prestatzen ari da, seme-alaben zaintzarako hartutako baimenetan gurasoek izaten dituzten galera ekonomikoak konpentsatzeko.
Modu horretan, Estatuak araututako amatasun baimenarekin parekatuko dute aitatasun baimena, estreinakoz guraso izango direnen eta familia gurasobakarren kasuetan ere. Hala, familiei laguntzeko sustapen politiketan Europan aurreratuen dauden herrialdeen artean kokatuko da Euskadi.
Artolazabalen esanetan, dekretu berria argitaratzen dutenetik (aurreikusitakoaren arabera udazkenean izango da) 16 asteko baimena izango dute erditu ez diren bikotekide guztiek; estreinakoz guraso izango direnenek ere.
Gainera, familia gurasobakarrenagan ere izango du eragina neurri horrek. Bestalde, testu horrek beste neurri batzuk hartzen ditu barnean: familia ugarien, % 50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten sendien eta genero indarkeriaren biktima izan diren pertsonen mesederako.
"Umea jaiotzen den unetik, erditu ez diren bikotekideek 12 hilabeteko epea izango dute aipatu baimena hartzeko, betiere, amatasun baimenarekin kointziditzen ez badu", argitu du Artolazabalek.