Gizartea -

Istripuak

Hainbat txirrindulari zauritu dira Gipuzkoan eta Araban, hiru ibilgailuk harrapatuta

Irunen eta Ataunen bi harrapaketa izan dira goizean. Eguerdian, Burgun, 13 txirrindulari lurrera erori dira auto batek harrapatuta, eta bat zauritu egin da.

Istripua Burgun. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak
Auto batek 13 txirrindulari harrapatu ditu Burgun
Istripua Burgun. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

50 eta 31 urteko bi txirrindulari zauritu dira goizean Irunen eta Ataunen, bi ibilgailuk harrapatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

10:00etan gertatu da lehen harrapaketa GI-636 errepidean, Irun parean eta Behobiarako noranzkoan. 50 urteko txirrindulariak hainbat kolpe hartu ditu, atoia zeraman auto batek harrapatuta. Hori dela eta, ospitalera eraman behar izan dute.

10:50ean jazo da bigarren istripua, GI-2120 errepidean, Ataunen. Kasu horretan, Beasainerako noranzkoan zihoan furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu du, eta ondorioz, anbulantzian eraman dute Donostia ospitalera.

Bestalde, bizikletan zihoan hirugarren txirrindulari batek erorikoa izan du GI-2633 errepidean, Aizarnazabaletik gertu. Azken hori ere ospitalera eraman dute.

Auto batek 13 txirrindulari harrapatu ditu Burgun

Eguerdian, A-3014 errepidean, Burgun, auto batek 13 txirrindulari bota ditu lurrera eta horietako bat zauritu du, Segurtasun Sailaren arabera.

12:30ean gertatu da ezbeharra. Handik gutxira, anbulantzia bat bertaratu da zauritua artatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Txirrindularitza Gipuzkoa Araba Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Harrapatzeen albisteak