Gizartea -
Argalario mendia
Barakaldok AHTko lanen lur soberakinentzako zabortegia Argalarion jartzea baztertu du
Udalak salatu duenez, hedabideen bitartez jakin du Sustapen Ministerioaren asmoen berri. Alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du.
Agentziak | erredakzioa
Barakaldoko Udalak "gogor gaitzetsi" du Abiadura Handiko Treneko (AHT) lanen lur soberakina botatzeko zabortegia Argalario mendian jartzeko plana.
Barakaldo Naturala plataformak salatu zuenez, Sustapen Ministerioak "19 gune" proposatu zituen AHTaren Bilborako sarbidea egiteko lanen ondorioz pilatutako lur soberakinentzako zabortegi bat paratzeko. Tartean dago, hain justu, Argalario mendiko 78.049 metro koadroko azalera (234.000 metro kubiko hartzeko lekua omen dago).
Barakaldoko Udalak (EAJ)¿ gogor kritikatu du egitasmo hori, eta komunikabideen bitartez jakin duela salatu du. "Udal gobernua Sustapen Ministerioaren planaren erabat kontra dago", erantsi du. Hala, teknikariei proposamena aztertu eta "dagozkion alegazioak aurkezteko" eskatu diete, gauzatu ez dadin.
Udalaren arabera, "sorpresa desatsegina" izan da albistea, Sustapen Ministerioak ez baitie "informaziorik eman edota argibiderik eskatu".