Gizartea -
Umeen aurkako abusuak Lizarran
Iruñeko Artzapezpikutzak 'ezinezkotzat' jo du Lizarrako abusu salaketa frogatzea
Pederastiagatik salatutako apaiza duela 25 urte hil zela esan du Artzapezpikutzak, eta, beraz, ezinezkoa dela salatzaileak adierazitakoa egiaztatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak adierazi du Eliza diozesiarrak ez duela inolako tolerantziarik haurren kontrako abusuen aferan, eta Frantzisko aita santuak "orban horren aurka" erakutsitako jarrera goretsi du.
Lizarrako bizilagun batek jarritako Nuestra Señora del Puy eskolako apaiz baten kontra ezarritako salaketaren ondotik, Iruñeko Artzapezpikutzak esan du oraingoz ez dutela kasu horrekin lotutako jakinarazpenik jaso. Hain zuzen ere, 60ko hamarkadan izandako ustezko abusu delitu bat salatu du Lizarrako bizilagun horrek.
Halaber, pederastiagatik salatutako apaiza duela 25 urte hil zela azpimarratu du Artzapezpikutzak, eta, beraz, ezinezkoa dela salatzaileak adierazitakoa egiaztatzea.
Alabaina, argi utzi du Eliza diozesiarrak zabalik duela gisa horretako salaketak jasotzeko bidea, "Espainiako Elizak horretarako ezarritako protokoloetan oinarrituta".
Bukatzeko, diozesiarekin lotutako ikastetxeek langile gaituak dituztela eta ikasleei formakuntza egokiena ematea bilatzen dutela azaldu du, irakasleen eta ikasleen arteko harremanak "bikain" zaintzen dituztela nabarmenduta. "Ikastetxe horiek eskola jazarpenari buruz Eskola Katolikoek zehaztutako protokoloaren berri jaso dute berriki", adierazi du Artzapezpikutzak.