Gizartea -
'Txaleko horiak'
Pariseko Poliziak Eliseoko Zelaietan protesta egitea debekatu du
Gainera, Frantziako Gobernuak terrorismoaren aurkako planaren soldaduak zabalduko ditu larunbat honetan, hiriburuko eraikin adierazgarrienak defendatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
'Txaleko horiek' Eliseoko Zelaietan eta Eliseo jauregiaren eta Batzar Nazionalaren inguruan protesta egiteko asmoa zuten larunbat honetan, baina Pariseko Poliziak debekatu egin du. Tolosan, Marseillan eta Nizan antzeko debekuak ezarri dituzte.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak mugimendua kontrolatzea jarri du helburutzat. 'Txaleko horien' mugimenduak lau hilabete bete ditu. Iragan larunbatean istiluak izan ziren Parisen, manifestazioan. Eliseoko Zelaietako zenbait denda arpilatu zituzten manifestari batzuek.
Debekuaren aurkako edozein protesta automatikoki desegingo dutela ohartarazi du Macronek. Didier Lallement Pariseko Poliziaren prefet berria larunbatean estreinatuko da; izan ere, aurrekoa kargutik kendu dute aste honetan.
Gainera, Frantziako Gobernuak terrorismoaren aurkako planaren soldaduak zabalduko ditu larunbat honetan, hiriburuko eraikin adierazgarrienak defendatzeko. Gorpua Pariseko atentatuen ostean sortu zuten, 2015ean.
Florence Parly Defentsa ministroak erabakia defendatu du. Eraikin ospetsu batzuk defendatzeko bakarrik izango dela errepikatu du. Soldaduek aurrez aurre protesten aurka egitea “bazterturik dago, noski”, adierazi du ministroak Le Parisien egunkarian.
“Soldaduak toki batzuetan zabalduko ditugu, eta ez dira ordena publikoa bermatzeko operazioetan sartuko”, azpimarratu du Bruno Le Ray jeneralak, Pariseko gobernadore militarrak, FranceInfo telebistan.
Hala ere, euren bizitzak arriskuan ikusten baldin badituzte soldaduek tiro egiteko baimena dutela baieztatu du Le Rayk. Hitzek hautsak harrotu dituzte oposizioan.