Gizartea -
Martxoak 20
Udaberriak 92 egun eta 18 ordu izango ditu
Urtaro berrian, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute. Gainera, ordulariak ordubete aurreratuko dira martxoaren 30etik 31ra doan gauean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazken honetan, 22:58an, sartu gara udaberrian. Urtaro berriak 92 egun eta 18 ordu izango ditu, ekainaren 21era arte. Udaberria heldu eta ordu gutxira, urtaro horretako lehen ilbetea egongo da.
Gainera, argi orduek egunean hiru minutu gehiago iraungo dute, eta martxoaren 30etik 31ra doan gauean ordu aldaketa izango da. Hain zuzen ere, 02:00etan 03:00ak izango dira.
Astronomia Behatoki Nazionalaren arabera, baliteke 2019ko martxoan azkenekoz aldatzea ordua Europar Batasunean. Halere, herrialde bakoitzak ordu-eremua hautatzeko aukera izango du, udaberriko ala udazkeneko ordutegiaren alde eginda.
Esan bezala, martxoaren 21ean helduko da udaberriko lehen ilbetea. Apirilaren 19an, maiatzaren 18an eta ekainaren 17an ere ilargi betea izango da. Ilberria, berriz, apirilaren 5ean, maiatzaren 5ean eta ekainaren 3an izango da.
Planetei dagokienez, udaberriko egunsentietan Artizarra, Saturno eta Jupiter nagusituko dira; ilunabarretan, aldiz, Marte.
Ozar-izarrek ere izango dute lekurik udaberrian. Apirilaren 22an, esaterako, Liridak iritsiko dira, eta maiatzaren 6an Akuariidak.
Urtaroen hasierek bat egin ohi dute Lurrak Eguzkiaren inguruko orbitan leku jakin bat hartzen duen unearekin. Udaberrian, adibidez, Eguzkiaren erdiguneak, Lurretik ikusita, zeru-ekuatorea zeharkatzen du, iparralderako noranzkoan.
Hori gertatzen denean, egunak eta gauak antzeko iraupena izaten dute. Horregatik, udaberriko ekinokzioa deitzen zaio fenomeno horri.
Asko jota, hiru egunetan gerta daiteke ekinokzioa: martxoaren 19an, 20an edo 21ean. 2096an izango du udaberriak hasiera goiztiarrena, eta 2003an izan zuen berantiarrena.