Gizartea -
Albiste faltsuak
Desinformazioaren aurkako Alerta Azkarreko Sistema jarri du martxan EBk
Plataformaren helburua da tokian tokiko informazio faltsuak edota manipulatutako datuak antzematea, aztertzea eta horiei aurre egitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasunak desinformazioaren kontrako Alerta Azkarreko Sistema jarri du martxan astelehen honetan. "Kontaktu-puntuak" izeneko agente batzuen bidez, Europako Batzordeak, Atzerri Ekintzako Zerbitzu Europarrak (AEZE) eta EBko kide diren estatu guztietako gobernuek hartuko dute parte horretan. Plataformaren helburua da tokian tokiko informazio faltsuak edota manipulatutako datuak antzematea, aztertzea eta horiei aurre egitea.
Horrenbestez, "alerta azkarreko" sistema sortu nahi dute, mota horretako albisteak zabaltzen direnean, herritarrek berehala jakin dezaten emandako informazioa faltsua dela.
Egitasmoaren zirriborroaren arabera, Europako prozesu demokratikoak hondatu nahi dituzten desinformazio kanpainei aurre egitea bilatzen du sistema horrek, adibidez, bozetan, eta bereziki maiatzaren 26an egingo dituzte hauteskunde europarretan. Izan ere, hauteskundeen ostean, aurreneko fasea bukatuko dute, eta sistemaren egitura eta funtzioak aztertuko dituzte.
Estatu ezberdinetatik jasotako informazioa koordinatzea eta ondoren europar sistemari igortzea izango da, hain zuzen, "kontaktu-puntuen" lana. Asmoa da desinformazio kanpaina jakinei buruzko informazioa ez ezik, antzemandako joeren edota egoera jakin batzuen analisiak ere partekatzea. Espainiako Estatuaren kasuan, Komunikazioko Estatu Idazkaritzak egingo du lan hori.
Mesfidantza saiheste aldera, proiektu berriaren zirriborroak argi uzten du sistemak erabat errespetatuko duela adierazpen askatasuna. Halaber, plataforma honek ez du inolaz ere inteligentzia edo sailkatutako informazioa trukatuko, iturri irekien edukiak baizik. Beraz, pertsona talde mugatu batek izango du plataforma horretan sartzeko aukera.
Lehenengo fase honetan, Atzerri Ekintzako Zerbitzu Europarrak bideratzaile lana egingo du, informazio-jarioa zuzena dela ziurtatzeko. Horrela, AEZEk eta estatuetako "kontaktu-puntuek" jakinarazpenak bidali ahal izango dituzte, betiere, argi eta garbi definitutako irizpideetan oinarrituta baldin badaude.