Gizartea -
ONTZIAREN HONDORATZEA
'Grande America'ren fuel orbana Lapurdira eta Gipuzkoara ez iristea espero dute
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailburuordea itxaropentsu dago. Euskal kostaldeko arrantzaleak prest daude, dena dela, arrastoak bildu beharko balira ere.
EITB.EUS
Denboraleak asko laguntzen ez badu ere, bi itsasontzi ari dira une honetan asteartean Arroxela parean hondoratutako 'Grande America' ontzia zaintzen, eta bi ontzi gehiago bidaliko dituzte astelehenean.
Helikopteroek bost kilometroko fuel orban bat ikusi dute zerutik, istripuaren gunean. Ostegunean beste bi orban ere ikusi zituzten, baina ez dakite non dauden. Litekeena zatitu izana da, eta haizearen nahiz ur mugimenduen arabera itsaso barrura sartu edo kostaldera hurbiltzea.
Lapurdiko arrantzale batzuk orban zati horiek biltzeko prestatzen ari dira, "duela 20 urte Erika eta Prestigen kasuetan egin genuen bezala", esan diote ETBri. Dena dela, Frantziako itsas-teknikariek diote ez dela horren kutsakorra izango. Prefekturak uste du hidrokarburo isuri hau ez dela besteen parekoa, eta ez duela horrenbesteko kutsadura sortuko. Hala ere, Akitaniako ekologistek jada iragarri dute salaketa jarriko dutela.
Donostiako arrantzaleen izenean, Jokin Guilisagasti Kofradiako presidenteak ETBri esan dio arrantzaleek uste dutela ur korronteek lagundu egingo dutela orbanak urruntzen. "Klimatologia oso garrantzitsua da, eta haizearen eta korronteen mugimenduei itxaron beharko diegu. Iritsiko balitz, antxoa eta berdelaren errunaldiarekin bat egingo luke, eta agian eragin diezaioke, baina ikusteko dago dena".
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro sailburuordea ere itxaropentsu dago. Elena Morenok esan du aurreikuspenak "onak" direla, baina uneren batean "arriskua" ikusiko balitz, "protokoloa abian jarri eta koordinazio mahaia" deituko litzatekeela ohartarazi du.
Hanburgo eta Casablanca arteko bidea egiten ari zen 'Grande Amarica' Italiako karga itsasontzia Frantziako kostatik 333 kilometrora hondoratu zenean. Asteartean izan zen, igandean piztutako sutea itzaltzea lortu ez zutelako.