Gizartea -
BERDINTASUNA
Zabalik da Berdintasun Legea aldatuko duen aurreproiektuari ekarpenak egiteko epea
EAEko herritarrek apirilaren 12ra arte egin ahal izango dituzte ekarpenak. Besteak beste, emakumeenganako indarkeriaren aurrean instituzioek ematen duten erantzuna 'hobetu' nahi da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaurtik eta apirilaren 12ra bitartean, zabalik da egungo Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatuko duen aurreproiektuari EAEko herritarrek ekarpenak egiteko epea. Neurri zehatzak jasotzen dira bertan, emakumeenganako indarkeriaren aurrean instituzioek ematen duten erantzuna "hobetzeko" ez ezik, egiazko berdintasunean aurrera egiteko.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, legearen zirriborroa kontsultatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango du. Hainbat bide daude horretarako: Irekia ataria, Emakunderen webgunea, posta elektronikoa (emkaunde.legealdaketa@euskadi.eus) edota posta arrunta (Manuel Iradier, 36. 01015 Vitoria-Gasteiz).
Emakundek hiru saio ireki antolatu ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Aurreproiektuan interesa duen pertsona, agente edo erakunde orok parte har dezake saio horietan. Aurreproiektuaren zirriborroaren aurkezpena ez ezik, ekarpenak egiteko bitartekoei eta epeei buruzko informazioa emango da.
Lehendabiziko saioa martxoaren 20an izango da Donostian, 16:30etik 17:30era. Martxoaren 25ean, berriz, bi saio egingo dira: goizean Gasteizen, 11:00etatik 12:00etara; eta arratsaldean, Bilbon, 16:30etik 17:30era.
Legearen aldaketaren bidez, "berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politika eta herri itun handi bat" ahalbidetu nahi da, politika horiek indartzeko eta araudiaren eta gizartearen testuinguru berriaren ondoriozko behar berriei egokitzeko. Araudiaren testuinguru berriari dagokionez, legearen aldaketarekin EAEko ordenamendu juridikoak bat egiten du Istanbuleko hitzarmenarekin, 2011an Europako Kontseiluak adostutakoarekin eta Estatu Espainolean 2014an indarrean jarri zenarekin, hain zuzen ere.
Istanbuleko Hitzarmenak dio arautu behar dela genero arrazoiengatik ematen den diskriminazioaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean dagoen lotura azpimarratuz.
Legeak berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzea aurreikusten du, berdintasunerako organismo eta zerbitzuei aintzatespen handiagoa emanez, halako moldez non benetako lidergoa gauzatu ahal izango duten berdintasun-politiken sustatzaile gisa eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren alorreko jarduketetan, eta ez bakarrik prebentzio-lanetan, non orain arte lan garrantzitsua gauzatu duten, baizik eta bizirik irten diren biktimei erreparazio-arreta emateko irizpideak zedarritzean ere.
2017 eta 2018 urteetan lege honen lanketa egiteko parte-hartze prozesua bat gauzatu da. Prozesu hau funtsezkoa izan da, Emakunderen esanetan, erronkak eta hobekuntza esparruak identifikatzeko. Halaber, lege formula egokiena aukeratzeko ere balio izan omen du.
Gaurtik aurrera, beraz, zirriborroa ikusgai dago eta ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek.