Gizartea -

GREBA FEMINISTA 2019

Itun sozial berri baten beharra azpimarratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Mugimendu Feministak esan du martxoaren 8an "urrats kualitatiboa" eman zela emakumeen eskubideen defentsan, baina helburuak lortzeko oraindik ere asko dagoela egiteko ohartarazi du.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa, M8ko greba feministaz. @M8EuskalHerria
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa, M8ko greba feministaz
Euskal Herriko Mugimendu Feministak balorazio oso positiboa egin du

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Mugimendu Feministak 2019ko greba feministaren balorazio positiboa egin du. Mobilizazioetan jendetza bildu zela, grebak jarraipen zabala izan zuela eta, ondorioz, martxoaren 8a egun historikotzat jotzen dutela azpimarratu du.

Hala ere, emakumeei eskubide guztiak aitortzeko eta matxismoarekin amaitzeko oraindik bide luzea dagoela egiteko ohartarazi du.

Ildo horretan, itun sozial berri bat aldarrikatu du: "Ikusi dugu sistemari sakoneko alternatiba bat eraikitzeko indarra badagoela".

Euskal Herriko Mugimendu Feminista osatzen duten elkarte eta erakunde ezberdinetako bozeramaileek agerraldia egin dute Donostiako Emakumearen Etxean.  

Aurrerapauso handia izan dela onartu ostean, lanean jarraitzeko beharra aldarrikatu dute Leire Murguialday eta Aura Vasquezek: "Urrats handia egin dugu, baina urrun gaude gure helburuetatik, urrun gaude emakumeok dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu".

"Denak batera ahaldundu eta politizatu gara, eta hori izan da gure garaipen handia". Hori bai, lanean eta borrokan jarraituko duela erantsi dute, "zaintza sistema publikoa lortzeko eta emakumeek egiten ditugun lan prekarioak amaitzeko".

Joan den martxoaren 8an, emakumeek "urrats kualitatiboa" eman zutela adierazi dute, besteak beste, beren aldarrikapenak eta "oinarri feministak, kapitalismoaren eta arrazakeriaren kontrakoak" egonkortu direlako.

Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta enpresa handiei ere zuzendu zaizkie, "emakumeek pairatzen dituzten lan eta bizi baldintza txarren erantzuleak direlako". Horrenbestez, "keinu sinbolikoak" egiteari uzteko eta "egitasmo eta aldaketa feministak" bultzatzeko exijitu diete. "Kapitalaren edo gizon batzuen interesen araberako mugarik jartzea ez dugu onartuko", nabarmendu dute.  

Gauzak horrela, "bizitza erdigunean jarriko duen itun sozial berri bat adostea" ezinbestekotzat jo dute. Eskuin muturrari, kapitalismo autoritarioari edo feminizidioari aurre egingo dion alternatiba sendo bat eraiki behar dela uste dute.

Grebari dagokionez, jarraipena "masiboa" izan zela eta datu zehatzak ematea zaila dela esan dute. Hezkuntza publikoan, emakumeen % 85ek egin zuten lanuztea; itunpeko ikastetxeetan, grebaren jarraipena % 75koa izan zen; haurreskoletan, ia % 100ekoa; eta Eusko Jaurlaritzan % 68koa.

Ildo horretan, Iñigo Urkulluren Gobernuak Osakidetzan ezarritako zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" izan zirela salatu dute.

Bestalde, martxoaren 8ko mobilizazioetan 60 emakume baino gehiago identifikatu zituztela eta Poliziak zenbait kasutan jarrera oldarkorra izan zuela salatu du mugimendu feministak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak emakumeak Tratu txarrak gaur Grebak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Tratu txarren biktimentzako gida Mundu matxista Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur