Gizartea -
2019ko azken superilargia
Urteko azken superilargia, zizarearen ilargia, martxoaren 21ean helduko da
Egun horretan, normalean baino % 10 handiago ikusiko da ilargia, beraz ezinezkoa izango da begi hutsez nabaritzea. Egun berean hasiko da ofizialki udaberria.
EiTB.EUS
Martxoaren 21ean iritsiko da udaberria eta horrekin batera urteko azken superilargia. Egun horretan, normalean baino % 10 handiago ikusiko da ilargia, beraz ezinezkoa izango da begi hutsez nabaritzea.
Hain zuzen ere, 02:44an sartuko da ilbete fasean, udaberria heldu baino lau ordu geroago. Horrela, martxoaren 20tik 21era doan gauean, 20:18tik 07:44ra egongo da ikusgai.
Bestalde, martxoaren 27an ere protagonismo berezia izango du ilargiak. Izan ere, Jupiterrekin “elkartuko” da, hots, eguzki sistemako planeta handienarekin. Berez, bien artean milioika kilometroko distantzia egongo bada ere, zerura begiratzean elkarrengandik oso gertu ikusiko dira.
Zizarearen ilargia
Ilargi beteek unean uneko gertakariekin lotutako izenak izan ohi dituzte. Izen ofiziala martxoko azken ilargia bada ere, herri-hizkeran zizarearen ilargia ere deitzen diote askok. Urteko sasoi horretan, lurzorua bigunago egoten da, eta zizareak ateratzen dira. Europan beste hainbat izendapen ere baditu: Lenten ilargia, belearen ilargia edo azalaren ilargia, besteak beste.
Azkenik, nabarmentzeko modukoa da hilabete honetako azken larunbatean izango dela ordu aldaketa. Horrenbestez, martxoaren 30etik 31ra doan gauean, 02:00etan 03:00ak izango dira.