Gizartea -

RADIO EUSKADI

Greba feministaren arrakasta nabarmendu dute alderdi guztiek, PPk izan ezik

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko parlamentarien arabera, argi geratu da mugimendu feminista 'osasuntsu' dagoela. Protestara ez batzeko hautua egin zutenentzako errespetua eskatu du PPk.

Radio Euskadi, gaur. Argazkia: EiTB.
Radio Euskadi
M8ko parte-hartze zabala txalotu dute euskal alderdi guztiek, PPk izan ezik

15:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba feminista izan dute hizpide gaur Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioko solasaldian. Alderdi guztiek, PPk izan ezik, atzoko protestak izan zuen arrakasta nabarmendu dute.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek esan dutenez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza salatzeko beharrezkoak dira atzokoa bezalako indar erakustaldiak. Neska gazteen parte-hartzea azpimarratu dute guztiek, eta euskal mugimendu feminista "osasuntsu" dagoela esan dute.

Leixuri Arrizabalaga EAJko parlamentariak uste du ezinbestekoa dela egunero "alertan egotea" eta lanean jarraitzea, lortutako eskubideak ez daudelako "betirako bermatuta" eta edozein momentutan "atzera egiteko arriskua" egon badagoelako.

Bere hitzetan, Euskal Herria erreferentea izan da berdintasunaren aldeko politiketan, eta bide horretan lanean jarraitzeko deia egin die alderdi guztiei.

EH Bilduko Oihana Etxebarrietak atzoko egunak emakumeei utzitako zapore gozoa nabarmendu du. "Hunkituta gaude, behingoagatik, mugimendu feministaren proposamenek alderdi politikoen hauteskunde eztabaidaren erdigunea hartu dutelako", esan du.

Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Eukene Arana ere. "Harrotasun amaigabea" sentitzen duela adierazi du atzo emakumeek kaleak nola hartu zituzten ikusita. Eskuinari eta emakumeen eskubideak botoak lortzeko erabiltzen dituztenei aurre egiteko modua mobilizatzea dela ere esan du.

Alexia Castelo PSE-EEko parlamentariaren hitzetan, berriz, feminismoa ezin da alderdikeriaz erabili. Berak ere eskuineko alderdiei egin die deia, emakumeen eskubideen aldeko borroka ez "manipulatzeko" eskatuz.

Bestelako irakurketa egin du Laurra Garrido PPko parlamentariak. Grebara ez batzeko hautua egin zuten emakumeei errespetua agertu die, eta berdintasunaren alde egunero borrokatu behar dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna