Gizartea -

M8

NBEk patriarkatuak emakumearen aurrerapenen harira izandako erreakzioa salatu du

Martxoaren 8agatik argitaratutako mezu batean, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak "kezkagarritzat" jo du erreakzio hori.

Artxiboko irudian, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen idazkari nagusi Antonio Guterresek ohartarazi du patriarkatuak "erreakzio kezkagarria" izan duela emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen harira; halaber, nabarmendu du desberdintasuna gero eta handiagoa dela, "agenda nazionalisten, populisten eta laztasunaren" ondorioz.

Mundu osoan, gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da; hori dela eta, Guterresek mezua argitaratu du.

"Genero-berdintasuna, funtsean, botere-kontua da. Gizonezkoek menderatutako mundu batean bizi gara, beraiek menderatutako kultura batean, alegia. Emakumeen eskubideak guztion helburua izan behar duela ulertu arte, ez gara hasiko egoera aldatzen, hau da, aldaketa horretarako bidea guztion onuragarria dela ulertu arte", adierazi du.

Nazio Batuen idazkari nagusiak nabarmendu du azken hamarkadetan "aurrerapen handiak" izan direla; azpimarratu ere azpimarratu du, nolanahi ere, "lorpen horiek" ez direla "ez absolutuak, ezta berdinak ere", eta, gainera, "patriarkaturik errotuenaren erreakzio kezkagarria" eragin dutela.

Gainera, adierazi du nola generoak sortutako aldea gero eta handiagoa den, "agenda nazionalistengatik eta populistengatik, eta laztasunagatik"; izan ere, Guterresen iritziz, aipatutako politika horiek emakumezkoen eskubideak mugatu eta gizarte-zerbitzuak murriztu egiten dituzte.

Herrialde batzuetan, feminizidio-tasak gora egin du

"Homizidio-tasa orokorrek behera egin badute ere, herrialde batzuetan feminizidio-tasak gora ari dira egiten. Beste batzuetan, ikusten ari gara etxe-indarkeriaren aurkako babes juridikoak atzera egin duela, bai eta emakumezkoen mutilazio genitalaren aurkakoak ere".

Guterresen esanetan, beharrezkoa da ahaleginak handitzea, xede izanik "emakumeen eskubideak, duintasuna eta lidergoa babestu eta bultzatzea", eta ez galtzea "hainbat eta hainbat hamarkadaren buruan erdietsi dugun hori".

"Presioa egin behar dugu, aldaketa orokor, azkar eta erradikal baten alde", azpimarratu du Guterresek.

Besteak beste, NBEren idazkari nagusiaren ustez, "funtsezkoa" da emakume gehiago egotea erabaki-postuetan; gogorarazi duenez, horixe "lehentasun pertsonal eta premiazko" bilakatu da Nazio Batuetan.

"Lortu dugu genero-parekotasuna mundu osoko gure taldeak zuzentzen dituztenen artean, eta zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen kopurua inoizko altuena da. Aurrerapen horiek bultzatzen jarraituko dugu", adierazi du.

NBEren ekitaldi handia, martxoaren 8an

NBEk ekitaldi handi bat egingo du gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta; besteak beste, Guterres bera egongo da bertan, bai eta Maria Fernanda Espinosa Asanblada Orokorraren presidentea ere; NBE Emakumeen zuzendari etxekutibo Phumzile Mlambo-Ngcukak ere hartuko du parte.

Aurten, "Berdintasunean pentsa dezagun, adimena erabiliz eraiki dezagun, aldaketarako berrizta dezagun" leloa hautatu du NBEk; asmoa da nabarmentzea zein garrantzitsua den berrikuntza genero-berdintasunean aurrera egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian NBE bideoak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Matxismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur