Gizartea -
Udalekuak
2019ko udalekuen programak EAEko 4.012 umerentzako tokia izango du
Horietako 3.742 euskaraz izango dira, eta beste 270ak, elebidunak. 16 leku eskainiko dituzte Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek elkarrekin antolatzen duten udalekuen 2019ko programak 4.012 toki eskaintzen ditu hiru lurraldeetan. Horietako 3.742 euskaraz dira, eta 270, elebidunak.
Hiru aldundietako ordezkariek azaldu dutenez, programak ekintza ludikoak eta hezigarriak eskaintzen ditu, EAEko haur eta gaztetxoentzat. 2019ko kanpainan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.012 haurrek parte hartuko dute guztira, 7 eta 13 urte bitartekoak. Uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira udalekuak, zazpi eguneko txandetan 16 leku desberdinetan.
Bizkaian zazpi toki daude: Gorliz Aterpetxea, Lapurreketa Baserri Eskola (Diman), La Arboleda Aterpetxea (Trapagaranen), Galdames Aterpetxea, Lurraska Baserri Eskola (Ajangizen), Meakaur Aterpetxea (Morgan) eta Gorozika Natura Eskola (Muxikan), aurtengo berritasuna.
Gipuzkoan bost dira lekuak: Orio, Zarautz, Hondarribia, Segura eta Sastarrain.
Araban bi leku eskainiko dituzte (Zuhatza eta Barria), Nafarroan bezala (Kattalin Aterpetxea, Bertizaranan, eta Graxiana Aterpetxea, Zugarramurdin).
4.012 toki guztira
Bizkaian 1.502rentzako tokia dago; Araban, 1.408rentzakoa, eta Gipuzkoan, 1.030rentzakoa.
4.012 plazen artean, 3.742 euskaraz izango dira, eta 270, elebidunak. 7 eta 8 urte bitarteko 346 umerentzako tokia egongo da, denak euskaraz. 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzat 2.254 izango dira tokiak (145 elebidun). Azkenik, 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat 1.412 toki izango dira (125 elebidun).
Izen ematea, apirilean Araban, eta martxoan Bizkaian eta Gipuzkoan
Araban, apirilaren 2tik 10era egongo da irekita izena emateko epea; Bizkaian, martxoaren 7tik 18ra, eta Gipuzkoan, martxoaren 13tik 25era. Gehienez hiru pertsonako taldeak egon ahalko dira. Zozketa apirilaren 15ean egingo da Araban, apirilaren 10ean Bizkaian eta apirilaren 2an Gipuzkoan.
Salneurri publikoak, 7 eguneko txanda bakoitzeko, 125 eurokoak dira. DSBE jasotzen duten familiek % 85eko deskontua izango dute, 18,75 euro ordainduta. Familia ugariek % 30eko deskontua izango dute, 87,50 euro ordainduta.