Gizartea -
Martxoak 8
Matxismoaren topikoei erantzuteko gida
Laguntza eskatu diegu Mugimendu Feministako kideei hamahiru topiko matxistari mozorroa kentzeko, hainbestetan entzun dituzun ideia oker horiei erantzun ahal diezaiezun.
Mikel Dominguez | eitb.eus
Berdintasunaren aldarria lehen lerrora eraman du feminismoaren laugarren olatuak. Borroka, salaketa eta mobilizazioei esker, hein handi batean emakumeen zapalkuntzan oinarritzen den sistemaren amaiera gertuago dago gaur. Sistema iraultzeko ekintza horietako bat da martxoaren 8ko greba feminista.
Hala ere, oraindik ez dago berdintasunik, eta matxismoak, hilzorian dagoen harrapakin baten moduan, topikoekin erasotzen du. Esaldi eta ideia horiek baldarrak dira, funtsik gabekoak, baina tamalez, ez da izaten erraza erabateko mezuak erantzutea.
Horregatik, topikoei mozorroa kentzeko laguntza eskatu diegu Mugimendu Feministako kideei.
"Feminismoa matxismoa bezalakoa da, baina alderantziz. Ez bata ez bestea, berdintasuna!"
Gizonaren nagusikeria adierazten duen ideologia da matxismoa; feminismoa, aldiz, "emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasunaren alde egiten duen doktrina" da, Euskaltzaindiaren arabera. Horregatik da hain okerra parekatze hori. Anabel Sanz FeministAlde! elkarteko kideak azaltzen duenez, "feminismoa, matxismoaren kontrakoa izan baino, matxismoari kontrajartzen zaiona da".
Irantzu Varela kazetariak ere argi dauka: "'Ez askatasuna ezta esklabotza ere' esatea bezala da. Hau da, bi ideia desberdin paraleloan jartzea: batetik, pertsona guztiok eskubide berberak ditugula aldarrikatzen duen pentsamolde bat, zapalkuntza eta diskriminazio forma guztien kontra borrokatzen duena, eta bestetik, gizonak, izateagatik bakarrik, hobeak direla eta pribilegioak izateko eskubideak dituztela uste duen ideologia bat".
"Ni ez naiz matxista, etxean laguntzen dut eta!"
Sanzek azaltzen duenez, hasteko, 'lagundu' aditzak barnean dauka "zainketaren erantzukizuna saihesteko ideia, eta jarrera hori oso matxista da". Varelarentzat "onartezina" da jokabide hori. Badaude matxistak ez direla uste duten gizonak "kaka egiten duten komuna garbitzen dutelako, euren janaria prestatzen dutelako, erabiltzen dituzten platerak garbitzen dituztelako edota batzuetan, gogoak ematen dienean, euren haurtxoak zaintzen dituztelako".
Ziur aski, bere emakumeari etxeko lanetan "laguntzeagatik" berdintasunaren gidariak direla uste duten gizonak daude. Horrek "argi uzten du gizon gehienek duten pribilegioen naturalizazioa eta onarpen maila altua"; ez dira bere egoeraz "denbora guztian aprobetxatzen", eta gainera "batzuetan eurak —eta ez besteak— bizirauteaz arduratzen dira apur bat".
"Gizon guztiok ez gara berdinak #NotAllMen"
Borroka feminista ez da emakumeena bakarrik. Sanzek azaltzen duenez, "historian zehar beti egon dira feminismoaren alde itzulingururik gabe egin duten gizonak, baina, hain zuzen, horiek ez lukete inoiz esaldi hori esango".
Izan ere, gizon askok bortxatzaileak eta erasotzaileak direla ustea leporatzen diote feminismoari, baina Varelak argitzen duenez, "ez dut inoiz entzun feminista bat gizon guztiak berdinak direla esaten"; bai, ordea, "gizon guztiak pribilegiozko kokaleku batean daudela". Erantzukizuna saihestu beharrean, gizonen ardura "pribilegio horiek uztea" da, "pertsona guztiok izan ditzagun eskubideak"; izan ere, pribilegiodun norbait badago, "beti izango da beste pertsonen eskubideen lepotik".
"Matxismoarekin obsesionatuta zaudete. Zuentzat, dena da matxismoa."
Agian, kasu honetan, ez erantzutea eta arrazoia ematea da onena. "Izan ere, guretzat, dena da matxismoa", dio Varelak. Emakumeak egunero bizi dira "eguneroko berdintasun ezaren eta indarkeriaren dozenaka manifestaziorekin batera, batzuetan ikusten ez ditugunak, oso naturalizatuta ditugulako". Horren adibide argia da "etxera itzultzeko orduan denok beldur garela; hori jasanezina da".
Beste aukera bat ironia erabiltzea da, Sanzek bezala: "Agian lasaitu beharko ginateke, eta utzi erasotzen, bortxatzen, hiltzen, lan beraren ordez gutxiago ordaintzen, gertatzen zaiguna momentu oro azaltzen… Bai, obsesionatzeari utzi beharko genioke".
"Emakumearen Nazioarteko eguna? Noizko Gizonaren Eguna?"
"Diskriminazioa zer den ez dakiten gizaki pribilegiatuen egun bat" ezartzea "barregarria" den bezala, Varelak gogorarazten du Gizonaren Egunak "ez duela zentzurik".
"Gizonoi ez diguzue M-8an parte hartzen uzten. Hori ez da berdintasuna."
Gizonen eginkizuna greba feministan eta mobilizazioetan Mugimendu Feministak zehaztu du. "Ez ditugu behar manifestatzeko", azaltzen du Sanzek, "behar ditugu zainketak partekatzeko, eguneroko jarrera matxistei aurre egiteko, pribilegioei uko egiteko".
Gainera, Jule Goikoetxea filosofa politikoak eta EHUko ikertzaileak azaltzen duenez, berdintasuna izateko "beharrezkoa da mistoak ez diren espazioak egotea, emakumeak, kasu honetan, ahuldu eta antolatu ahal izan daitezen subjektu politiko bat izateko, gizonak badiren moduan".
"Gizonoi ez diguzue feminismoan parte hartzen uzten."
Nerea Gomez, sormenaren industrian ekimen feministak bultzatzen dituen Ladies, Wine & Design ekimenaren koordinatzaileak, Kelly Temple aktibistaren hitzak ekartzen ditu gogora: "Feminista izan nahi duten gizonek ez dute feminismoan leku bat ematea behar. Gizartean daukaten lekua hartu eta feminista egin behar dute".
Mugimendu hori, ordea, "emakumeei dagokie zuzentzea", Gomezek gogorarazten duenez, "sexu menderatzaileak sexu menderatuari nola askatu behar den esateak zentzurik ez dauka eta".
Gizonek ere eztabaida bat irekitzeko aukera dute, gaur egun hainbat tailer feministatan ikus daitekeena: "Noizko gizonezkoen iraultza bat? Noizko gizonen askapena, gizonezkoenak bezala inposatzen diren estandarrak berrikustea?".
"Ez dago soldata arrakalarik: legez debekatuta dago emakume batek gizon batek baino gutxiago kobratzea."
Bai, soldata arrakala badago, eta ez bakarrik emakume batek lanpostu berberean gizon batek baino gutxiago kobratzearen "diskriminazio zuzena". Hori, Sanzek azaltzen duen bezala, "epaitegietan salatu daiteke".
Beste arrazoi batzuengatik ere gertatzen da soldata arrakala. Lehendabizi, feminizatutako lanak —gutxiago kobratzen da— eta maskulinizatutakoak daudelako —soldata handiagoa da—. Metalaren sektorea, adibidez, gizonezkoena da gehienbat, eta garbiketan, emakumeak dira gehiengoa. "Horrek ez du esan nahi, gizon batek garbiketan lan egiten badu, emakume batek baino gehiago kobratuko lukeenik. Baina, sektore feminizatu bat izanda, gutxiago kobratzen duten sektore horretako langileak emakumeak dira". Eta ez, ez da kasualitatea.
Bereizketa horizontal honetaz gain, bereizketa bertikala dago. Horren bitartez, "enpresa berean, gizonezkoenak dira, gehienbat, goi karguak, eta azpikontratatutakoak, emakumeak".
Are gehiago: "emakumezkoenak dira lanaldi partzialeko kontratu gehienak"; beraz, "gutxiago kotizatzen dute eta pentsio baxuagoak kobratzen dituzte".
Eta nortzuk "eskatzen dute eszedentzia gehiago seme-alabak eta adinduak zaintzeko"? Emakumeek, hain zuzen. Haiek dute "ordaindu gabeko lan karga handiagoa".
"Genero indarkeria salaketa gehienak gezurrezkoak dira."
"Propaganda suprematxistaren" barruan kokatzen du ideia hori Varelak. Sanzek azaltzen duenez, "gezurrezko genero indarkeria salaketak % 0,0075 dira, 130.000ren artean".
Varelak azaltzen duenez, 2017an, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak genero indarkeria salaketa bat ere ezin izan zuen frogatu; indarkeria erabiliz egindako lapurretetan, aldiz, % 30 inguruan izaten dira". Beraz, nondik dator Genero Indarkeriaren Legearen kontrako iritziak oinarritzen diren gezurrezko datu hori? Trikimailua da "gezurrezko salaketatzat hartzea epai irmoan bukatzen ez duten guztiak, eta horrek ez dauka oinarri logikorik ezta juridikorik ere".
Gainera, Varelarentzat "justizia patriarkalak ez die emakumeei sinesten, uste duelako gure buruak hortzez eta haginez babestu ditugula erakutsi behar dugula. Burua besopean dugula joan behar gara, eraso gaituztela sinetsi gaitzaten".
"Legeak ez ditu gizonak babesten. Gizon bat frogarik gabe zigortu daiteke."
2004an Genero-indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa emateko Neurriei buruzko Legea onartu zen arte, Espainiar estatuan etxe barruko erasotzat hartzen ziren emakumeen aurkako erasoak, eta Zigor Kodearen 173.2. artikuluan zeuden jasota. Gaur egungo legea bikotekideengandik edo bikotekide ohiengandik tratu txarrak jasaten zituzten emakumeen babesa hobetzeko onartu zen. Horrela, delitua ez luke soilik Zigor Kodeak jasoko.
Legeak mota honetako indarkeriari egiten dio aurre: "indarkeria emakumeen aurka erabiltzen dutenean horien ezkontide direnek edo izan direnek, edo horiekin antzeko maitasun-harremanak dituztenek edo izan dituztenek, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, bereizkeriaren, desberdintasun-egoeraren eta gizonek emakumeei ezartzen dizkieten botere-harremanen agerpen gisa".
Pentsaezina da frogarik gabeko epai kondenatzaileak daudenik. Beraz, ezin da gizon bat frogarik gabe zigortu. Are gehiago, genero indarkeriaren salaketen ia erdiak artxibatuta bukatzen du froga faltagatik. Datu horietatik zera ondorioztatu daiteke: ez dira kasu horiek zigortzen "ez delako justifikatuta geratzen delitua egin zenik", beharbada emakumea babesik gabe utzita. Edozein kasutan, erakusten du gizon bat gizon izateagatik eta bere kontrako frogarik gabe ezin dela zigortu.
Kontrakoaren adibide bat jartzen du Sanzek: 'La Manada' auzia. Salatzen duenez, "epaile batek zirriparra ikusten du taldean egindako bortxaketa batean, eta bere iritzi eta epaiekin egia-ostearen kontakizuna eraikitzen doa. Erasotzaileak ez dira zigortzen, eta frogak izan arren aske uzten dituzte".
"Edozein gauza da abusu bat. Ligatu ere ezin dugu!"
Hori esaten badute, agian, ligatzearen beraren ideia oker dute, "gizonezkoen sexualitate ereduaren" ondorioz. Sanzentzat, hori hezkuntzatik aldatu beharko litzateke, "umeen eta nerabeen sozializazioa sakonki matxista eta bortitza den pornografia ikusita egiten baita". Ikuspegi feminista beharrezkoa da irakaskuntzaren ziklo guztietan, "mutilen ligatzearen ideia" saihesteko.
Gomezek "ligatzeko kode onargarritzat" hartzen baina emakumeentzat "deserosoak, beldurgarriak eta gehiegizkoak" diren zalantzazko jarreren zerrenda egin du: "beste bat zurekin hitz egitera behartzea soilik berarekin hitz egiten tematu zarelako; lotsarik gabe begiratzea, begiradan dagoen lizunkeria transmitituz; gure fisikoari buruzko gizonezkoen iritzia entzun nahi dugula ziurtzat jotzea; euren artean dantzan dauden lagun talde bat inguratzea inork taldera batzera gonbidatu ez zaituenean; zurea ez den bizi-espazio hori gainditzea, zure gorputza gurera itsatsiz; norbaitengana zuzenean botatzea eta, aldez aurretik adierazi gabe, 'muxu bat lapurtzen' saiatzea…".
Agian, errespetu kontu bat baino ez da. Emakumeek "bizitza osoan ligatzeko erabili duguna", hain zuzen.
"Besteen kontura bizi dira diruz lagundutako feminaziak."
Goikoetxeak azpimarratzen duenez, diru laguntzak ez zaizkie norbanakoei ematen, elkarteei baizik. Gainera, feminaziak "langile klasekoak eta enplegatuak" dira gehienbat. Beraz, euren soldataz bizi dira, eta ez diru laguntzez.
Baina, are gehiago —eta honek irain kutuna erabiltzen duen edozein topikori erantzuteko balio du—, 'feminazi' hitza "feminista txarrak" izendatzeko erabiltzen dute, "feminista onen" aurrean. Zein da desberdintasuna? Hori da matxismoaren planteamendua: "Feminaziak dira, izan ere, niri gizon bezala traba egiten didatenak".
"Hain zarete erretxinak, zuen erruz matxismoa inoiz baino indartsuago itzultzen ari baita."
Akabo. Norena eta feminismoarena matxismoaren errua. "Jendea bere eskubideak aldarrikatzen hasi zen heinean esklabistak erradikalagoak zirela esatea bezalakoa da", dio Varelak.
Gainera, ez da egia. Matxismoa baino indartsuago dago, Sanzen arabera, feminismoa: "Matxismoa beti egon da, baina orain ez dugu onartuko. Honen errua badaukagu: matxismoaren aurkako matxinadarena".