Gizartea -
Sexu abusuak
Derioko seminarioan sexu abusuak jasan zituela salatu du apaizgai ohi batek
"Guztiok edo ia guztiok jasan genituen abusuak. Beste garai batzuk ziren, ez ginen horren kontziente", gogoratzen du seminaristak bere testigantzan.
EiTB.EUS
Derioko seminarioko ikasle ohi batek 50eko hamarkadan sexu abusuak jasan zituela salatu du. Argiak ostegun honetan argitaratutakoaren arabera, apaizgai ohiak gogoan ditu higiene arrazoiak medio zuzendari espiritualak 13 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei egindako abusuak.
"Guztiok edo ia guztiok jasan genituen sexu abusuak, baina isildu egin ginen", adierazi du bere testigantzan. "Urteen poderioz gai horretaz hitz egiteko gai izan gara, esan bezala, guztiongan eragina izan zuelako. Beste garai batzuk ziren, ez ginen horren kontziente", azpimarratu du.
Genitalak garbi izateak zuen garrantziaz ohartarazten omen zituen ikasleak. Aulki batean eseri eta zakila nola garbitu azaltzen zien xehe-xehe, kasu gehienetan gazteen genitalak ukituz, abadegai ohiak azaldu duenez. "Hori bai, inori ez kontatzeko eskatzen zigun", nabarmendu du.
Urte batzuk geroago, zuzendari espiritualak Derioko seminarioa utzi zuen. Ekuadorrera eta Venezuelara joan zen orduan, misiolari gisa. Dirudienez, seminaristei egindako abusuengatik bota zuten Deriotik.
Urte batzuk geroago, galdetegi bat bete behar izan zuten ikasle ohiek. Besteak beste horri esker, Derion orain dela 50 urte gertatutakoa azaleratu zen.