Gizartea -
Proposamena
Emakundek berdintasunaren aldeko 'herri itun handi bat' nahi du
Berdintasunerako Legea aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu du Emakundek. 2017 eta 2018 urteetan lege honen lanketa dela eta parte hartzeko prozesu bat aurrera eraman da.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuelarik, eta Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariarekin batera, Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua bildu da gaur arratsaldean Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan bertan.
Bilera honetako gai zerrendan zegoen gaietako bat zen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako, otsailaren 18ko, 4/2005 Legea aldatzeko aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztea. Legearen aldaketaren bidez, “berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politika eta herri itun handi bat” ahalbidetu nahi dira, politika horiek indartzeko eta araudiaren eta gizartearen testuinguru berriaren ondoriozko behar berriei egokitzeko.
Araudiaren testuinguru berriari dagokionez, legearen aldaketarekin EAEko ordenamendu juridikoak bat egiten du Istanbuleko hitzarmenarekin, 2011an Europako Kontseiluak adostutakoarekin eta Estatu Espainolean 2014an indarrean jarri zenarekin, haiz zuzen ere.
Istanbuleko Hitzarmenak dio arautu behar dela genero arrazoiengatik ematen den diskriminazioaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean dagoen lotura azpimarratuz.
2017 eta 2018 urteetan lege honen lanketa dela eta parte hartzeko prozesu bat aurrera eraman da. Prozesu hau funtsezkoa izan da erronkak eta hobekuntza esparruak identifikatzeko. Halaber, lege formula egokiena aukeratzeko ere balio izan du.
Parte hartze prozesu honen ondoren, jendarteak bere ekarpenak egiteko hilabete bateko epea duen kontsulta publikoari hasiera ematen zaio. Martxoaren 12tik aurrera, hiritarrek euren ekarpenak hurrengo bideen bitartez egin ahal izango dituzte: Irekia atarian, Emakundeko webgunean, posta elektronikoaren bidez (emkaunde.legealdaketa@euskadi.eus) eta baita ere helbide postala erabiliz (Manuel Iradier, 36. 01015 Vitoria-Gasteiz).
Legeak berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzea aurreikusten du, berdintasunerako organismo eta zerbitzuei aintzatespen handiagoa emanez, halako moldez non benetako lidergoa gauzatu ahal izango duten berdintasun-politiken sustatzaile gisa eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren alorreko jarduketetan, eta ez bakarrik prebentzio-lanetan, non orain arte lan garrantzitsua gauzatu duten, baizik eta bizirik irten diren biktimei erreparazio-arreta emateko irizpideak zedarritzean ere.