Gizartea -
Ingurumena
Klima aldaketaren kontrako borroka azkartzea eskatu dute adituek Donostian
Kursaalean egiten ari diren 'Change the change' biltzarreko parte hartzaileek "zientziaren alde okerrean" dauden "ukatzaileen" kontra jo dute.
Agentziak | Erredakzioa
'Change the change' nazioarteko biltzarraren parte hartzaileek klima aldaketaren kontrako borroka "azkartzea" eskatu dute, neurri publikoen bitartez, Donostian, eta "zientziaren alde okerrean" dauden "ukatzaileen" kontra jo dute.
Kursaalean egiten ari diren biltzarra NBEren 'Momentum for Change' ekimenaren barruan dago. Ingurumen sailak antolatzen du, Espainiako Gobernuaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin.
Nazioarteko 600 aditu biltzen dira Kursaalean. Hiru egunetan zehar klimaren aldaketa eta horren ondorioak aztertuko dituzte, ikuspuntu desberdinetatik.
Klima aldaketa dagoela ukatzen dutenen gaitzespena izan da Nicholas Stern ekonomialari britainiarraren prentsaurrekoaren ardatzetako bat. Klima Aldaketari eta Ingurumenari buruzko Grantham Ikerketa Institutuko presidentea da, London Schools of Economocis-en.
Donald Trump Estatu Batuetako presidenteari zuzendu zaio Stern. "200 urte inguruko ebidentzia zientifikoak gezurtatzen dituzten emaitzak ikusi ahal izan baditu, egin beharko lukeena argitaratzea da, esan du. Ohartarazi duenez, uste horiek defendatzen dituzten politikoak "zientziaren" eta "historiaren alde okerrean daude".
Klima aldaketaren kontrako borrokak "dakarren erakargarritasunari garrantzia ematearen" alde agertu da ekonomialaria, "lan aukerak eta enplegua sortzen dituelako".
"Munduko bi herrialderik garrantzitsuenak biztanleria kopuruari eta dentsitateari dagokienez, Txina eta India, dagoeneko batu dira bizi garen aldaketa saihetsezin eta halabeharrezkora", eta itxaropentsu agertu da laster "Europako guztiak, Latinoamerika eta nabarmentzen ari diren Afrikako herrialdeak" ere batzeko.
Sternez gain, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak hitzordua du Donostian. Roseanna Cunningham Eskoziako Ingurumen eta Klima Aldaketarako ministroak, Connie Hedegaard KR Fundationeko presidente eta EBko Klima komisario ohiak, Cristina Narbona Espainiako ministro ohiak eta Cristina Gallach Espainiako Gobernuaren 2030 Agendarako goi komisarioak hitzaldia emango dute.
Laura Zuñiga Caceres, Berta Caceres Honduraseko ekintzailearen alaba, ere Gipuzkoako hiriburuan izango da. Berta Caceres La Esperanzan (Honduras) hil zuten, 2016ko martxoaren 2an.
Daniel Innerarity filosofoak, Angel Leon eta Andoni Luis Aduriz sukaldariek eta Cristina Iglesias eskultoreak arazoaren inguruko beste ikuspuntu batzuk azalduko dizkiete enpresa munduko, tokian tokiko administrazio, unibertsitate, teknologia eta ikerketa zentro, GKE eta gizarte elkarteetako ia 600 adituri.
Sanchezk "ezjakin" deitu die klima aldaketa ukatzen duten agintariei
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ireki du kongresua. Bere hitzaldian, "ezjakin" deitu die klima aldaketa ukatzen dutenei, "beste herrialdeetako agintari entzutetsuak" tartean, eta esan du borroka "atzeraezin" hori ez dela ideologikoa, "zientziaren aldekoa eta zientziarekin bat datorrena" baizik.
Nabarmendu duenez, trantsizio ekologikoa "ez da mehatxua, aukera bat baizik", zentzu guztietan, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik, eta esan du Espainiar estatua "abangoardian" dagoela, munduko beste lekuei baino gehiago eragiten diolako, baina baita Gobernuaren "lehentasun aldaezinetako bat" delako.
Erregai fosilen dependentziarekin bukatzearen eta efizientzia energetikoaren aldeko apustua egitearen beharra azpimarratu du presidenteak, "gutxiago eta hobeto gastatuz". Horrek elektrizitatearen kontsumitzaile handiei ere mesede egingo die, hau da, industriei; horietako asko, esan duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan daude.
Trantsizio Ekologikoko ministro Teresa Riberak gogorarazi duenez, klima aldaketaren aurkako borroka sektore "guztien ahalegina" behar duen "erlojupeko lasterketa" bat da, eta "inor ezin da ezkutatu".
"Koherenteak izatearen eta arrakala bat irekitzeko eta gauzak aldatzeko nahikoa trebe izatearen arteko orekak ausardia eta inteligentzia behar ditu, eta egin behar dugu, denborarik ez daukagulako", azpimarratu du Riberak.
Klima aldaketaren "mundu osoko garrantzia" nabarmendu du lehendakariak
Klima aldaketaren kontrako borrokarako erantzun "osoa" eta "partekatutako eta presazko konpromisoa" beharrezkoak direla nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza esparru honetan lanean ari dela azpimarratu du, Klima 2050 Estrategiaren bidez. Ekintzak "behetik gora" egin behar dituela esan du, udaletatik, eta testuinguru horretan kokatu du Udalsarea 2020 estrategia, 75 herri barnean dituen udalerri jasangarrien sarea.
Klima aldaketaren "garrantzi mundiala" ere azpimarratu du Urkulluk.
Lehendakariaren esanetan, "klima aldaketaren erronka globalaren aurrean kontzientzia soziala indartu behar da"; horren harira, klima aldaketa galarazteko eta jasangarritasun globala laguntzeko "guztiok ekintza lokalak egin ditzakegula" esan du Urkulluk.
"Gure helburua aldaketa aldatzea da", esan du. Ildo horretan, Donostiako biltzarrarekin "belaunaldi berriei etorkizun hobea uzteko aurrerapauso bat eman dela" azpimarratu du.
Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren erronkari aurre egin nahi diola esan du Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak, "denbora amaitzen zaigu eta".
Klima aldaketa hipotesia izateari utzi eta bistako arazoa izateari eutsi diola esan du Arriolak. Horrenbestez, jokabideak aldatu behar direla esan du, arazori aurre egin ahal izateko.
Bestalde, "gizakion etorkizunaren batailan ezer ere ez egiten ez badugu arduragabe hutsak izango ginatekeela" azaldu du.
'Momentum for Change'
Klima Aldaketaren inguruko Nazioarteko Konferentzia Nazio Batuen Erakundearen 'Momentum for Change' ekimenean kokatzen da. Planetaren “erronken inguruan abangoardiako ikuspegia zabaldu” nahi du ekimenak, baita “ekimen aitzindarien” berri eman ere.
Tenperaturaren gorakada; itsasmailaren igoera eta kostaldeko inguruneen desagerpena; izotz galera poloetan eta glaziarretan; kalteak flora, fauna eta uztetan, eta lehorte zein uholde kopuruaren areagotzea mahai gainean izango dira biltzarrean.
Era berean, erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatzea, eta herritar, enpresa zein ingurumenaren beharrizanentzako eredu energetiko berri baten garapena jorratuko dituzte parte-hartzaileek. Bestalde, klima aldaketaren aurkako borrokarekin “konpromiso berezia” hartu duten eskualde eta hirien esperientziak tokia izango dute bileran.
Klima aldaketak eragindako eraldaketa sozialak, fenomenoak banku sistemarentzako suposatzen du erronka ekonomikoa, eta arrantza, elikadura, osasun eta garraio sektoreak aztertuko dituzte adituek, baita “emakumeen lidergoa” ere; izan ere, “klima aldaketaren eragina handiagoa da biztanleriaren sektore ahulenetan”.