Gizartea -
Gipuzkoa
Zumarragako adingabeen zentrotik ihes egin duten hiru gazte bilatzen ari dira
19 eta 18 urteko bi gazte eta 17 urteko adingabe bat dira. Lapurreta delituak dituzte, baina odol-deliturik ez.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintza hiru gazteren bila ari da; horietako bat adingabea da. Iragan larunbatean Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo zentrotik ihes egin zuten, Segurtasun eta Justizia sailek jakitera eman dutenez.
Antza denez, iragan larunbat gauean ihes egin zuten. Zentroko zuzendaritzak Bergarako epaitegiari jakinarazi zion, auzitegi horrek gazteei barneratzeko neurriak ezarri zizkielako.
Orain atxilotzeko agindua eman du epaitegiak, eta auzia zabaldu du zigorra haustea egotzita.
19 eta 18 urteko bi gazte eta 17 urteko adingabe bat dira. Lapurreta delituak dituzte, baina odol-deliturik ez, Justizia Sailak zehaztu duenez.
Ibaiondo adingabeak barneratzeko zentroa erregimen itxiko bakarra da Euskadin. 30 gazte hartzen ditu, horietako batzuk nagusiak dagoeneko; nahiz eta 18 urte bete, baldintza batzuk ematen badira, zigorra bertan amaitu dezakete.