Gizartea -

MARTXOAK 8

Adreilu morez eraikitako etxeak

Emakumeek emakumeentzat sortutako hainbat etxetan sartu da eitb.eus. Molde askotako espazioak dira, eta kudeaketa eredu ezberdinak dituzte. Emakumeen ahalduntzea da guztien helburua.

Donostiako Emakumeen Etxea. Argazkia: Emakumeen Etxea
Donostiako Emakumeen Etxea
Donostiako Emakumeen Etxea. Argazkia: Emakumeen Etxea

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko bigarren greba feministan parte hartzera daude deituta ostiral honetan emakumeak. Ahalduntze ariketa izango da aurten ere M8a, eta mugimenduaren dimentsioa eta aktibazio maila neurtzeko balioko du. Halere, oraingoan jauzi kualitatibo bat eman nahi da: zenbaki eta kopuruen gainetik, berdintasunerako bidean eredu soziala eta ekonomikoa errotik aldatzea da aldarria, eta horretarako neurri esplizituak berehala martxan jartzea eskatuko zaie erakundeei, enpresei eta gainerako arduradunei. Hain zuzen, horretan ari dira sortu zirenetik, batean eta bestean, emakumeak ahalduntzeko sortutako etxeak, eskolak edota elkarteak.

Emakumeen parte-hartzetik, emakumeek parte hartzeko sortuak dira guztiak. Tokian tokiko erakundeen babesa dute gehienek, eta molde askotariko emakume taldeen bilgune dira. Kudeaketa eredua ere bakoitzak berea du: partekatua da toki batzuetan, autogestioan oinarritzen dira beste batzuk, eta administrazioak gidatutako proiektuak ere badira. Artikulazio eta saretze lan handia dago atzean, eta izaera eta sortze prozesu ezberdinak dituzten arren, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna dute xede.

Andere Nahia, Andragune, Andretxe, Marienea, Laia Eskola… Izenak berak ere badu indarra tokian-tokian. Horietako etxe batzuetan sartu da eitb.eus, zabal-zabalik baitituzte ateak eta barruko zirrikitu guztiak. Espazio irekiak dira, eta emakumeen arteko konplizitateak saretzea, sinergiak sortzea eta elkarlana sustatzea bilatzen dute. Adreiluz adreilu, begirada feministarekin, behetik gora jasotako egiturak dira eta urrutira begiratzen dute, epe luzerako proiektuak direla jakitun.

Andere Nahia, lan mundua ardatz

Bide luze honetan Andere Nahia aitzindaria da. Orain 18 urte Ezpeletan sortua, emakumeen ahalduntze prozesuak bultzatzen ditu, indibidualak nahiz kolektiboak. Emakumeak lan munduan eragile aktibo bihurtzea du abiagune. Celine Arrosagaray taldekideak erakutsi digu etxea barrutik, eta berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak.

"Bost emakume gaztek sortu zuten Andere Nahia. Enpresak sortzeko formazio batean ezagutu zuten elkar, eta bide horri jarraipena ematea nahi zioten haien enpresak bultzatzen segitzeko, elkar laguntzeko. Elkarte hau emakumeek sortu dute emakumeentzat", azaldu du Arrosagarayk.

Andere Nahia

Andere Nahiak, iaz, Bearnon egindako jardunaldi bat. Argazkia: Evelyne Casemajor

2001etik ia oraintsu arte Ezpeletan izan dute egoitza, bertakoa baitzen Marie Pierre Arrieta elkartearen bultzatzaile nagusia. Iazko maiatzean Itsasora lekualdatu zuten bulegoa, Habia coworking gunera.

Egun, 130 bat emakumek osatzen dute taldea, eta azken urteotan ehunka emakumeri lagundu diete, lan merkatuan murgiltzeko bideak landuz eta proiektu profesional propioak abian jartzeko tresnak eskura jarriz: "lekuko dinamika ekonomikoa bultzatzen dugu, emakumeek lana ukanez".

Proiektuei hasiera eman eta martxan diren denbora guztian elkarren bidelagun dira. Beti dute elkarrekin partekatzeko baliogarria den informazioa, beti daude alboko emakumeari laguntzeko prest. Nekazaritza, artisautza, ostalaritza, zerbitzuen alorra edota industria; esparru guztietan gidaritza lanetan ari diren emakumeek osatzen dute elkartea.

Zerbitzu anitz eskaintzen dituzte, formazio tailerretatik hasi eta enpresa bat hutsetik martxan jartzeraino. Horretarako, taldeko kide direnek lan dinamika guztietan hartzen duten parte, "bakoitzaren ezagutza besteekin partekatzea eta elkar laguntzea" ezinbesteko jotzen baitute.

Ipar Euskal Herriko ehun ekonomikoan eragile aktibo izatea lortu badute ere, erakunde publikoen laguntzarik ez dute apenas jasotzen. "Andere Nahiak laguntza publiko gutti jasotzen ditu. Halere, usu proiektu ezberdineko elkarteek arrapostua emaiten digute, eta molde horren bidez diru laguntza batzuk ukaiten ahal ditu elkarteak, zutik atxikitzeko", azpimarratu du Arrossagarayk

Sare feministarekin harreman zuzena du elkarteak, eta lankidetza esparruak zabalik dituzte. Erreferenteak dira esparru sozio ekonomikoaren eraldaketan egiten ari diren lan mardulagatik, eta bide horretan sakontzen jarraitzeko borondate osoa dute, "asko baita egiteko".

Donostiako Emakumeen Etxea, gidaritza partekatuaren eredu

Helburuetan antzekotasunak dituzten arren, bestelako ibilbidea dute Donostiako Emakumeen Etxeak eta Arabako Laia Eskolak. Bi kasuotan erakundeen parte hartzea zuzena da.

Donostiako Emakumeen Etxea hiriko mugimendu feministaren eta emakumeen talde askoren eskaera historikoa izan da. Lanketa luze eta zabal baten ondoren, 2010eko azaroan zabaldu zituen ateak. Talde feministek, emakumeen elkarteek eta Udaleko Berdintasun Bulegoak partekatzen duten proiektua da.

Desberdintasuna errotik kentzeko borrokan aritzen diren talde eta elkarte guztiak antolatzeko, eta mugimendu feminista hazteko eta indartzeko; horretarako espazioa da Donostiako Emakumeen Etxea.

Bertako Berdintasun teknikariek azaldu digutenez, "genero desberdintasunak ikuspuntu didaktiko batez lantzen ditugu, non begirada feminista garatzen dugun norbanako eta taldeko ahalduntzea lortzeko".

Mota guztietako ekintzak egiten dituzte, eta hainbat lantaldetan daude antolatuta. "Eta guztiak daude bideratuta ahalduntzea lantzeko, biolentziaren aurka borrokatzeko eta eragin politikoa izan dezaten. Lantalde hauek guztiak irekiak dira", gaineratu dute. "Kogestio-eredu hau aitzindaria da Gipuzkoan eta EAE osoan. Estatuan ere horrelako ezaugarriak dituen eredu batean oinarritutako lehen emakumeen etxea da. Kogestioa, gainera, erreferentzia bihurtu da emakumeen etxeak lortzeko prozesuak abian jartzen ari diren herri eta hiri guztietarako", esan dute arduradunek.

360 jarduera landu ziren Arabako eskualde ezberdinetan, eta bederatzi lerro estrategiko jorratu ziren, ahalduntze prozesuak martxan jartzeko

Sei urte beranduago, 2016an, jarri zuen abian Arabako Foru Aldundiak Laia Eskola, lurralde osoko emakumeen jabekuntzarako eta berdintasunerako eskola. Lautadako Koadrilan zabaldu zuten aurreneko gunea, eta poliki-poliki, lurralde osora zabaldu da ; 2018an, Trebiñun ezarri da. Arantza Cañamares Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun zerbitzuburuak azaldu dizkigu proiektuaren xehetasunak. Horren hitzetan, “badu berezitasun bat Laia Eskolak: ez da udal bakar batena, ezta lurraldeko koadrila batena ere, Araba osoko eskola baizik. Lurralde osora zabaltzeak planteamendu konplexua eskatzen du eta kontuan hartu behar dira toki bakoitzaren berezitasunak eta haien arteko ezberdintasun historikoak, kulturalak eta sozialak’.

Iaz, 360 jarduera landu ziren eskualde ezberdinetan, eta bederatzi lerro estrategiko jorratu ziren, ahalduntze prozesuak martxan jartzeko. 7000 emakumek baino gehiago hartu zuten parte ekimen horietan. “Emakumeen jabekuntza berdintasuna lortzeko estrategiatzat jotzen da, eta tresna baliagarriak eskaintzen ditugu, emakumeen garapen pertsonala eta kolektiboa bultzatzeko”, esan du Cañamaresek.

Laia Eskolaren antolaketa “deszentralizatua da koadrila guztietan”. AFAko Berdintasun arloak eta Berdintasun teknikarien sareak koordinatzen ditu proiektuak dagokion eskualdean, bertako erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean. Araban berdintasunaren alde lanean ari diren elkarte guztiak “izan daitezke gure sareko kide”. 2018an, esaterako, 24 elkartek eta lurraldeko udal eta koadrila guztiek hartu zuten parte.

Aurrera begira, “eragina areagotzea” da erronka, “banakakoen jabekuntzatik talde jabekuntzara” iristeko.

Emakume iruindarren aspaldiko eskaria

Iruñean ere laster ikusiko du argia emakumeen etxeak. Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek 2015. urtean sinatutako akordio programatikoan jasota zegoen. Baita, Iruñeko Udalak 2016. urtean onartutako III. Berdintasun Planean ere. Azkenean, urtetako lanaren ondoren, datorren udaberrian izango dute iruindarrek estreinakoz emakumeen ahalduntzera bideratutako espazio bat.

2017ko abenduan jarri zuen martxan proiektua garatzeko parte hartze prozesua Iruñeko Udalak. 26 elkartetako 70 bat emakume baino gehiago aritu dira lanean, Udaleko berdintasun teknikariekin batera; eta bidea malkartsua izan den arren, Pablo Sarasate musika kontserbatorioaren egoitza zaharrean izango da udaberri aldera abian mugimendu feministaren aspaldiko eskaria dena.

pablo sarasate kontserbatorioa

Pablo Sarasate musika kontserbatorioaren egoitza zaharra. Argazkia: Wikipedia

Etxe fisikoa izateaz gain, ikur ere bihurtu nahi dute. Ana Diez de Ure Eraul Berdintasun eta LGTBIrako koordinatzailea da Iruñeko Udalean, eta berak azaldu digunez, "mugimendu feministaren erreferentziazko espazioa" eraiki nahi dute, hainbat esparrutan aritzen diren belaunaldi guztietako emakumeen topagune izango dena. Elkarrekin "politikan eragina izango duten estrategiak" abian jartzera datoz.

Diez de Ure Eraulen hitzetan, "administrazioaren eta emakume taldeen arteko komunikazio kanal eta zubiak indartuko ditu etorkizuneko etxeak".

Eginkizun asko dituzte zehaztuta, denak emakumeen ahalduntzera bideratuta. Besteak beste, agenda feminista bat garatu nahi dute, hiriko talde eta elkarte guztien artean. Gogoetarako, hausnarketarako eta esperientziak partekatzeko espazio zabala izango da. Behetik gora eraikitako etxea da, eta autonomoa eta horizontala izan nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Iruñea Iparraldea Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa Martxoak 8, Emakumeen Eguna