Gizartea -
GERTAKARIA
Neska adingabe bat atxilotu dute Arrasaten, hilda agertu den jaioberriarekin lotuta
Ertzaintzak eitb.eus-i baieztatu dionez, emakumea ospitale batera eraman dute eta bertan dago atxilotuta.
EITB.EUS
Neskato jaioberri bat hilda aurkitu dute Arrasaten, Santa Teresa auzoko Galizia kalean. Gorpua lurrean zegoen, auto baten alboan, plazenta eta guzti.
Bizilagun batek topatu du gorpua 12:00ak inguruan, odol arrasto batzuk ikusi eta gero. Berak deitu die larrialdietarako zerbitzuei.
Ertzaintza etxez etxe ibili da auzo horretan umearen amaren bila, eta arratsaldeko lehen orduan neska adingabe bat atxilotu dute, gertaerarekin zerikusia duelakoan. Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez, emakumea ospitale batera eraman dute eta bertan dago atxilotuta.
Ikerketa zabaldu dute gertatutakoa argitzeko. Gertakarien tokira joan den auzitegiko medikuak 16:00ak inguruan eman du gorpua altxatzeko agindua, eta Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.