Gizartea -

Nafarroako Gobernua

Genero indarkeriaren aurkako Balorazio Forentse Integraleko Unitatea sortu dute

Unitatea diziplinarteko talde batek osatuko du. Irizpide medikoak, psikologikoak eta sozialak bilduko dituzte emakumeen aurkako indarkeria-egoerak baloratu ahal izateko.

Irizpide medikoak, psikologikoak eta sozialak bilduko dituzte
Indarkeria matxistaren emakume bat
Irizpide medikoak, psikologikoak eta sozialak bilduko dituzte

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak emakumeenganako indarkeriaren kontrako Balorazio Forentse Integraleko Unitatea sortu du. Unitate hori Auzitegi Medikuntza eta Zientzia Forentseen Nafarroako Institutura atxikita egongo da, Justiziako zuzendari nagusi Lourdes Aldavek emandako ebazpenaren arabera.

Unitatea diziplinarteko talde batek osatuko du, eta, organo judizialak hala eskatuta, emakumeen aurkako indarkeria-egoerak baloratuko ditu.

Hori horrela, prozedura judizial baterako esku hartuko du organo judizialek eta fiskalek edo aldeek eskatuta, eta kasuak baloratzeko irizpide medikoak, psikologikoak eta sozialak bilduko ditu.

Unitatearen helburua da erantzun "azkarra, eraginkorra eta espezializatua" ematea emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegietatik edo Guardiako Epaitegietatik Auzitegi Medikuntza eta Zientzia Forentseen Nafarroako Institutura bideratutako gaiei, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilaria den María José Beaumontek adierazi moduan.

Jarduera integrala

Egin beharreko lana ez da soilik emakumea baloratzea, indarkeria-egoeraren biktima moduan ulertuta, baizik eta emakumeen aurkako indarkeria-egoerak zentzu zabalean ulertuta; alegia, lehenik eta behin, biktima baloratzea, baina baita erasotzailea ere, indarkeriaren jatorria bera izanik, eta baita zuzeneko edo zeharkako bestelako biktimak ere, hau da, biktimaren seme-alabak, gurasoak, anai-arrebak, e.a.

Jarduera integrala denez, neurri zibilak sartu behar dira familia-mailako edo bikotearen indarkeria-egoerak gertatu badira; hala nola, zaintza-neurrien proposamena, bisita-erregimena, e.a.

Unitatea formalki sortu ahal izan da legegintzaldi honetan Justiziako Zerbitzu Sozialean Psikologiako eta Gizarte-laneko plaza berriak sartzeagatik.

Institutuaren izen berria

Unitate hori sortzeaz gain, ebazpenak Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutuaren izena eguneratu du; eta, orain, Auzitegi Medikuntza eta Zientzia Forentseen Nafarroako Institutua deituko da.

Auzitegi Medikuntza eta Zientzia Forentseen Nafarroako Institutua unitate hau sortzerekin erakunde tekniko eta zientifiko moduan finkatuko da klinika eta patologia forentseko lanetan. Institutuan lanpostu hauek daude: 11 forentse, 5 psikologo, 3 gizarte-langile, 4 autopsia laguntzaile eta Justizia Administrazioko kidegoko 4 langile (3 izapidegilerenak eta 1 laguntza judizialekoa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua