Gizartea -
Sano estrategia
EAEko haurren herenak gehiegizko pisua edo obesitatea du
Umeen artean jarduera fisikoa eta elikadura osasuntsua sustatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, familian, eskolan, osasun zentroetan, sektore pribatuetan eta komunitateetan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2 eta 17 urte bitarteko mutikoen % 34k eta neskatoen % 30,7k gehiegizko pisua edo obesitatea dute. Portzentaje horiek % 8 eta % 6 igo dira, hurrenez hurren, 2012tik 2017ra. Espainiako Osasun Inkestaren datuak dira.
Obesitateari dagokionez, hala ere, kopuruak txikiagoak dira. Mutikoen % 8ri eta neskatoen % 5,7ri eragiten die, eta Estatuaren batezbestekoaren azpirik dago (% 10,3).
Jon Darpon Osasun sailburuak eman ditu datuok prentsaurreko batean, eta SANO Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia aurkeztu du.
Sano Estrategiaren helburua "osasun publikoko erronka garrantzitsu" horri aurre egitea da. Haurren artean jarduera fisikoa eta elikadura osasuntsua sustatzeko asmoa dute. Esan dutenez, haurtzaroan eta nerabezaroan ezartzen dira ohitura horiek.
Jarduera fisikoa eta elikadura osasuntsua bultzatuko dute
2022rako hiru helburu zehazten ditu planak. Lehenengoa umeen eta nerabeen % 100ak egunero fruta eta barazkiak jatea da, eta bigarrena ume eta nerabe guztiek astero zazpi orduko jarduera fisikoa egitea (ez bakarrik kirola). Hirugarren helburu EAEko udalerri guztiek haurren obesitatea prebenitzeko programak gehitzea.
Familian, azaldu duenez, gurasoak heziko dira jarrera osasuntsuak izateko, elikaduran zein aisian, eta eskolan jolasaldietako sedentarismoa ekiditen saiatuko dira, eta jantokietan elikadura "osasuntsua eta orekatua" bultzatuko dute.
Sektore pribatuan ere "inplikazioa" bilatuko dute, elikadura "erakargarria eta arrazoizko preziokoa" eskaini dezan eta publizitatea zein informazio nutrizionala "egiazkoa eta ulergarria" izan dadin.
Janaria saltzeko makinak ere sektore horren barruan daude. Opilak eman beharrean, zukuak eta fruta eskaintzea nahi dute, baina Darponek onartu duenez, eskaintza osasuntsuagoak beste mantentze-lanak eskatzen ditu. Hori enpresentzako lizitazio berriak deitzen badira eskatu ahal izango da.
Komunitateetan, udalen laguntza eskatzen dute, ibilaldi osasuntsuak antolatu ditzaten eta jarduera fisikorako prestatuta dauden jolastokiak eta aisialdi guneak egin ditzaten.
Eskolaz kanpoko kirola ere bultzatuko dela esan du Osasun sailburuak, batez ere neskatoentzat zuzenduta.