Gizartea -

Sua

Baso-sute bat itzaltzeko lanean ari dira Jaizkibel mendian

Sutea 16:30 aldera piztu da, eta lau fronte ezberdin ditu. Jaizkibel mendira igotzeko errepidea itxi du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, Jaizkibelgo baso-sutean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Suhiltzaile bat lanean, Jaizkibelgo baso-sutean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Suhiltzaile bat lanean, Jaizkibelgo baso-sutean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suhiltzaileak eta Gipuzkoako Aldundiaren Mendi Alorreko baliabideak sute bat itzaltzeko lanean ari dira Jaizkibel mendian, Pasaia eta Hondarribia artean. Baso-suteak lau foku ditu.

Suhiltzaileetako iturriek jakitera eman dutenez, sutea 16:30 aldera piztu da, eta lau fronte ezberdin ditu. Fronte bakoitzaren artean ia kilometro bateko distantzia dago.

Aldundiko suhiltzaileek Donostiako eta Zarautzeko lankideen laguntza dute. Sutearen bi foku nagusiak kontrolatzeko lanean ari dira. Haizearen norabide aldaketa etengabeak zeregina oztopatzen ari dira.

Bestalde, Jaizkibel mendira igotzeko errepidea itxi du Ertzaintzak, sugarrak errepidetik hurbil daudelako, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.

Gainera, suhiltzaileek beste baso-sute bat itzali dute Eibarko Aginaga auzoan. Gipuzkoako eta Bizkaiko suhiltzaileak elkarlanean aritu dira. 15:40 aldera sua kontrolatzea lortu dute.

Hirugarren sute bat piztu zen iragan asteartean, Aralarreko parke naturaletik gertu, Zabalegi mendian, Amezketan (Gipuzkoa). 20-30 hektarea larre eta sastrakadi kiskali ditu suteak. Hipotesi nagusiaren arabera, norbaitek sutea piztu duela uste du Aldundiak, baina “zuhurtzia guztiarekin”, ikerketa bukatu bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Suteak Hondarribia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Pasaia Albisteak