Gizartea -

Adingabeei egindako abusuak

Elizak ez du iraganeko sexu abusuen gaineko ikerketa bat aginduko

Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak, Ricardo Blazquezek, elizbarrutien gaineko horretarako autoritaterik ez dutela esan du, eta salatuen eta zigortuen artean desberdintzea eskatu du.

Ricardo Blazquez, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidentea / Argazkia: EFE.
Ricardo Blazquez, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidentea.
Ricardo Blazquez, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidentea / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Blazquez kardinalak, Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak, esan du ez dutela aginduko apaizek iraganean egindako sexu-abusu kasuei buruzko ikerketa bat.

"Espainiako Gotzainen Biltzarrak ez du elizbarrutien gaineko autoritaterik mota horretako ikerketak egiteko. Elizbarruti bakoitzak beharrezkoa uste duena egin dezala", esan du.

Vatikanoko pederastiaren aurkako goi-bileran parte hartu zuen Blazquezek. Ez du hartuko dituzten abusuen aurkako neurriak zehaztu, eta aita santuak hurrengo asteetan aginduko dituen arauen zain geratuko direla esan du, "egoera larri honekin bukatzeko".

Elizbarrutiak eta Gotzainen Biltzarra Fiskaltzari "laguntzeko prest" daudela esan du Blazquezek, baina laguntza hori "zuzenean epaitegiekin" izango dela zehaztu du.

Adierazi duenez, epaileek baino ezin dituzte "salaketak jaso eta ikasi eta epaiak eman". Zentzu horretan, "salaketa baten, horren azterketa zehatzaren eta epaiaren artean" bereiztea ere eskatu du, baita pertsona bat "zigortuta agertzea salaketa bat dagoen momentuan" ere.

Pederastiaren kontrako goi-bilera

Kardinalarentzat, Vatikanoko bilera "oso lan handia eta interesgarria" izan da, eta lekukotza "zirraragarriak" dituzten abusuen biktimak entzuteko aukera izatea eskertu du.

"Biktimei, familiei eta Estatuko agintariekin elkarlanean aritzeari baietza eman diegu. Hori oso argi egon da beti. Aldiz, erasotzaileei, estalketei, isiltasun konplizeari eta Elizako agintarien kontu honen erabilera txarrari ezetz esan diegu", azpimarratu du.

Zentzu horretan, Espainiako "biktima dezente" hartu dituela esan du, "aspalditik". Hala ere, beste batzuek, Lapurtutako Haurtzaroa elkartekoek, adibidez, ez dituztela hartu salatu berri dute. Blazquezek hartzeko prest dagoela esan du. "Nirekin hitz egin nahi badute, ez daukat arazorik taldeko ordezkari bat hartzeko", esan du.

Pederasta bat beste parrokia batera lekualdatzeko edo biktimari ordaintzeok prozesua "inolaz ere errepikatuko" ez dutela azpimarratu du. "Pederasta baten edo pedofilo baten arazoa ez da lekualdatze batekin konpontzen, ezta ekonomikoki bakarrik ere", zehaztu du.

Ezkongetza ez da kausa

Gainera, ezkongetzaren eta Elizako pederastiaren artean harreman kausalik dagoenik ukatu du, eta zenbait ikerketa aipatu ditu, "ezkongetza eta pedofilia zuzenean lotzen ez dituztenak".

Bestalde, apaizek lekaimeei egindako abusuei buruz, Gotzainen Biltzarrak Espainian gertatu diren "frogarik ez" daukala esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Espainia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erlijioa Elizan izandako abusuen kasuak Eliza Katolikoa Haurtzaroa albisteak Sexu erasoak gaur