Gizartea -

43. URTEURRENA

Martxoak 3 elkarteak NBEra eramango du Gasteizko 1976ko sarraskia

Halaber, sarraskiaren 43. urteurrenaren harira egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Martxoak 3 elkartearen prentsaurrekoa Gasteizen. Argazkia: @GaurMagazineRV
Martxoak 3 elkartearen prentsaurrekoa Gasteizen
Martxoak 3 elkartearen prentsaurrekoa Gasteizen. Argazkia: @GaurMagazineRV

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoak 3 elkarteak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordera joko du, estatu espainiarreko epaitegien bidea amaituta. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren arduradunak epaitzea du helburu biktimen elkarteak. Halaber, sarraskiaren 43. urteurrenaren harira, igandean Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Elkarteak gaur goizean Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, estatu espainiarreko bide judiziala amaituta, nazioarteko erakundeetan salatzeari ekingo diote. Azpimarratu dutenez, ez dute atsedenik hartuko 1976ko martxoaren 3an giza eskubideen urraketa larria pairatu zuten biktima guztiak aitortzen dituzten arte.

Gasteizko Udalak Martin Villa persona non grata izendatu izana begi onez hartu du Martxoak 3 elkarteak. Martin Villa Espainiako Gobernuko ministro izan zen Trantsizio garaian, eta frankismoko krimenak ikertzen ari den Argentinako epailea behin baino gehiagotan saiatu da berau auzipetzen.

Ildo horretan, Martin Villa Argentinara estraditatzea baimentzea eskatu dio Martxoak 3 elkarteak Espainiako Gobernuari. Horrez gain, frankismo garaiko krimenak Espainiako auzitegietan ikertzea aldarrikatu du.

Bestalde, atxikimendua erakutsi dio "Memoria Gara" ekimenari. Aipaturiko iniziatibak sarraskia gertatu zen San Frantzisko eliza memoriarako gune bilakatzea eskatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba NBE argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Martxoak 3 Polizia abusuen biktimak