Gizartea -

Nafarroa

Garesko apaiz batek bi anaiari abusuak egin zizkiela salatu du gizon batek

Aita Erreparaziokoen ikastetxeko apaiz batek bortxatu zuela kontatu du. Anaiari ere egin zizkion abusuak, bere buruaz beste egin baino lehen gutun batean aitortu zionez.

Gares. Argazkia: Francisco Arbizu
Gares
Gares. Argazkia: Francisco Arbizu

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek salatu du Garesko (Nafarroa) Aita Erreparaziokoen ikastetxe erlijiosoko apaiz batek sexu-abusuak egin zizkiela berari eta anaiari, biak barneko ikasle zirela. Gizonak ez zituen abusuak salatu eta ez zion inori jakinarazi. Anaiak ere isilpean gorde zuen, bere buruaz beste egin baino lehen anaiari gutun bidez kontatu zion arte.

SER irrati katean "Guillermo" ezizenarekin eta ahotsa distortsionatuta zuela eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, 12-13 urte zituenean gaixotu egin zen, eta mediku lanetan aritzen zen apaizak artatu zuen. Ikastetxeko erizaindegian gertatu ziren abusuak. Guillermoren esanetan, apaizak gainerako ikasle-irakasleak ikasgelan zeudela baliatzen zuen umeei "ukituak egiteko eta gero nahi zuen moduan amaitzeko".

Bortxatua izan eta "berehala", telefono baten bila joan zela kontatu du Guillermok, amari deitzeko. "Ama, nire bila ez bazatoz, ez nauzu berriro ikusiko", esan zion. Gerora, baina, ez zen ausartu amari jasandakoa azaltzen (ezer jakin barik hil zen), eta isilpean gorde du orain arte.

"Izugarria izan zen. Halako zerbait pasatzen zaizunean, errotik aldatzen zaizu bizitza betiko, ume izateari uzten diozu. Nik ez nion inori laguntza eskatu", deitoratu du.

Handik urte batzuetara jakin zuen anaia ere apaiz horren biktima izan zela. Anaiak gutuna idatzi zion dena kontatuz, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Eskutitza "minez eta sufrimenduz josita" dago, eta xehetasun guztien berri ematen du, Guillermoren esanetan.

Iruñeko Artzapezpikutzara jo zuen, baina ez zuten ezertxo ere egin

Anaiaren kasuaren berri izan zuenean, "amorruak, minak eta penak jota", Iruñeko artzapezpikuaren idazkariari deitu eta jasandakoa kontatu zion. Francisco Perezi jakinarazi zion horrek. "Kostatu zitzaien erantzun bat ematea, eta uste dut nik behin baino gehiagotan deitu nuelako eman zidatela hitzordua", azaldu du. Bileratik "sartu zenean baino okerrago" irten zela adierazi du, "hormigoizko harresi bat" topatu zuelako. Elizaren ordezkariak esan zionez, Artzapezpikutzan "kutxa bat dugu mota horretako gutunak gordetzeko, behin sartuta ez dira inoiz ateratzen". Guillermok ez zuen horrelakorik onartu, eta bere esku du oraindik eskutitza.

Horren ustez, "gu ez giren izan abusuak jasan zituzten bakarrak", eta salatzeko deia egin die balizko biktimei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak