Gizartea -
Alarma faltsua
Hondarribiko sugegorri afrikarraren albistea gezurra dela esan du Ertzaintzak
Asteartean, Amuteko paduran sugegorria ikusi zuen emakumeak albistea asmatu egin duela aitortu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak ostiral honetan ondorioztatu duenez, Hondarribiko Amute paduratik aske zebilen Gabongo sugegorriaren albistea gezurra da, sugegorria ikusi omen zuen emakumeak dena asmatu egin duela aitortu baitu.
Asteazkenean emakume batek antza afrikar jatorriko suge bat topatu, sakelako telefonoarekin argazki bat atera eta Udaltzaingora jo zuen abisua ematera.
Hori dela eta, udaltzainek, argazkia Internetetik ateratakoa ez zela ziurtatu ondoren, aurkikuntza ontzat jo zuten eta inguruak hesitu zituzten, oinezkoei handik paseatzea debekatzeko, sugegorri horren pozoiak pertsona bat hil dezakeelako.
Aranzadi zientzia elkartekoekin eta foru basozainekin harremanetan jarri ostean, sugearen bila hasi ziren eta tranpak jarri zizkioten.
Bien bitartean, albistea sare sozialetan zabaldu eta hedabideetara ere heldu zen. WhatsApp taldeetan, ustezko sugegorriaren argazkia ere ibili zen.
Hala ere, animaliaren bila luze ibili eta gero sugegorriaren arrastorik topatu ez zutenean, argazkiaren inguruko zalantzak piztu eta salaketa faltsua egin zuela egiaztatu dute agenteek. Efeko albiste-agentziak jakinarazi duenez, delitu penala egotzi diezaiokete asmakuntza horrengatik.