Gizartea -
SEXU-ABUSUAK
27 salaketa jaso ditu Ertzaintzak, Deustuko Salestarren ikastetxeko sexu-abusuengatik
Salaketak irakasle ohi baten kontrakoak dira. Halaber, atestatuak zabalik jarraitzen du salaketa gehiago egon daitezkeelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Deustuko Salestarren ikastetxean egindako sexu-abusuengatik 27 salaketa aurkeztu dituzte dagoeneko Ertzaintzaren aurrean. Salaketak Jose Miguel San Martin salestar ohiaren aurkakoak dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, azken astean salaketa berri bat jaso dute (aurreko astean 26 ziren). Ertzaintzara jo duten ikasle ohiek 80ko hamarkadan pairatutako sexu-abusuak eta tratu txar fisikoak salatu dituzte.
Azken salaketa horiei, 2005ean beste ikasle ohi batek irakasle beraren aurka jarritakoa gehitu behar zaie.
Segurtasun Sailaren esanetan, atestatuak zabalik jarraitzen du kasu gehiago egon daitezkeelakoan.
Salatutako irakasle ohiak 1975 eta 1990 artean lan egin zuen Deustun. 1990ean kongregazioa uztea eskatu zuen eta, hortaz, salestar izateari utzi zion.