Gizartea -

Osakidetza

Lehen Arretako medikuen eta erizainen kopurua handituko du Osakidetzak

Helburuen artean daude mediku bakoitzeko 1.400 paziente baino gehiago ez egotea eta 75 urtetik gorako gaixoen kontzentrazioa ez izatea % 15 baino handiagoa.

Osakidetzaren Lehen Arreta / Irudia: EiTB.
Osakidetzaren Lehen Arreta.
Osakidetzaren Lehen Arreta / Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Familia-medikuen eta erizainen kopurua handituko du Eusko Jaurlaritzak lan-karga gehien duten Lehen Arretako zentroetan. 80 plazatik gora aterako ditu Osakidetzak. Helburuak dira mediku bakoitzeko 1.400 paziente baino gehiago ez egotea eta 75 urtetik gorako gaixoen kontzentrazioa ez izatea % 15tik gorakoa. Lehen Arretako Estrategia honek 4,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, hurrengo bi urteetna.

Jon Darpon Osasun sailburuak planaren zazpi linea estrategikoak eta 35 akzioak aurkeztu ditu. "Euskal gizarteari zerbitzu hobea ematea eta profesionalen lana erraztea" dira helburuak.

Osasun zentroen antolaketa hobetzea, giza baliabideak eta materialak handitzea, mediku taldeen lan burokratikoak gutxitzea eta medikuen eta erizainen ahalmena handitzea dira akzioen zioak.

Azaldu duenez, dokumentua "lan, hausnarketa eta eztabaida hilabeteen" emaitza da, profesionalen elkargoekin, Osakidetzako osasun zentroekin, sindikatuekin, talde politikoekin eta aholkulariekin.

Lehen Arretan azken 30 urteetan egindako "oinarrizko lana" goraipatu du sailburuak, eta onartu du bizi-itxaropena luzatzearen ondorioa gizartea gero eta adinduagoa izatea da, eta horrek gaixotasun kronikoak gehiagotzea dakar.

Horregatik, Lehen Arretako zerbitzuaren eredua "berritu" behar dela uste du Darponek.

80 plaza gehitzeaz gain, zentroak eraberritzeko eta sistema teknologikoak gaurkotzeko inbertsioa igotzen jarraitzea du helburu planak.

Gainera, sistema eta ekipo informatikoak eraberritzeko 9,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusita dago.

Estrategiaren helburuetako bat da medikuen eta erizainen lana desburokratizatzea, gaixoak artatzen "ahalik eta denbora gehien" eman ahal izan dezaten.

Greba Lehen Arretan

Lehen Arretan iragarrita dauden hiru greba egunengatik "ardura eta zalantza" agertu ditu sailburuak, baina uste du "oraindik garaiz gabiltzala guztien artean lan egiteko", ofizialki deituta ez daitezen.

Martxoko, apirileko eta maiatzeko hiru egunetan lanuzteak egingo dituztela iragarri dituzte langileek, Eusko Jaurlaritzari lan karga gutxitzeko konponbideak eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Anbulatorioak albisteak