Gizartea -

Indarkeria matxista

Epaileak aske utzi du Sara Majarenasen alabaren erasotzailea

Instrukzioa "larregi luzatu" dela argudiatu du epaileak erabakia hartzeko. Urruntzeko agindua eta kontrol telematikoa ezarri dizkio. Majarenasen abokatuak helegitea aurkeztuko du.

Sara Majarenas, Izar alabarekin. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Sara Majarenas, Izar alabarekin
Sara Majarenas, Izar alabarekin. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Picassenteko Instrukzio Epaitegiak (Valentzia) baldintzapean aske utzi du Izar Sara Majarenas preso ohiaren alabari eraso egin zion gizona.

Epailearen autoa aipatuta Berria eta Naiz-ek zabaldu dutenez, epaitegiarekin loturarik ez duten arrazoiak tarteko instrukzio fasea gehiegi luzatu delako eta erasotzaileak bi urteko behin-behineko espetxealdia bete duelako erabaki du gizona aske uztea. Hala ere, umea eta ama babesteko asmoz, kautelazko hainbat neurri ezarri dizkio.   

Euskal Herrira joatea nahiz bertan bizitzea galarazita izango du; kontrol telematiko bat eraman beharko du, non dagoen jakiteko eta haiengana hurbiltzen ez dela bermatzeko; astean behin epaitegian sinatu beharko du, eta egunero polizia-etxe batean; pasaportea kendu diote eta debekatuta izango du Estatutik ateratzea.

Sara Majarenasen abokatuak jakinarazi du erabaki horren aurkako helegitea aurkeztuko duela, eta Fiskaltzak ere gauza bera egiteko asmoa duela.

Asteazken honetan saio bat egingo dute epaitegian, erasotzaileari auzipetuta dagoela jakinarazteko eta instrukzio fasea amaitutzat emateko. Epaiketaren data oraindik zehaztu gabe dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak