Gizartea -
eutanasia, eztabaidagai
Munillak 'eutanasia legearen bidezidorra hartzeko tentazioaz' ohartarazi du
Donostiako gotzainak uste du "zaintza aringarrien lege nazionala" sustatu beharko litzatekeela, eta horretarako "dagokion aurrekontua aurreikusi".
agentziak | erredakzioa
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak ohartarazi du "eutanasia legearen bidezidorra hartzeko tentazioa" dagoela, "zaintza aringarrien legea lortzeko behar den giza apustuaren esfortzua aurrezte aldera".
Munillak komunikabideetara bidalitako artikulu batean egin ditu adierazpenok. Salatu du Espainiako Estatuan oraindik ez dagoela "zaintza aringarrien lege nazionalik, dagokion aurrekontuarekin eta behar guztiekin: mediku espezialitatea, oinaze unitatea edo gaixoen eta senideen laguntza programa. Aurrerapausoak eman dira eremu honetan, baina ez nahikoak".
Gotzainaren arabera, harritzekoa da, "abortuarekin gertatzen ez den bezala, mendebaldeko estatuek erreparo gehiago edukitzea eutanasiarako ustezko eskubidea emateko garaian". "Eutanasia legeztatuz gero, suizidioaren gaitz sozialari aurre egitea ezinezkoa delako agian?", edo "atzera bueltarik ez duen malda batean behera erortzeko beldurragatik?", edo "abortoan ez bezala, eutanasiaren kasuan subjektuek oraindik bozkatzeko eskubidea dutelako?", galdetu du Munillak.
Bere ustez, "eutanasiaren eztabaidan giltzarria, abortoan bezalaxe, giza bizitzaren duintasuna da kontuan hartu beharrekoa". "Edozein erlijioko sinestunen eta sinesten ez dutenen artean bizikidetza soziala eraiki behar dugu eskubide natural baten gainean: bizitzaren hasiera eta amaiera gure esku ez egoteak arrazoi bat du: giza izatearen duintasuna naturako beste guztiaren gainetik dago", azaldu du.
Azkenik, Munillak azpimarratu du gurasoak zaintzeak "duintasuna" ematen diela seme-alabei.
Aste honetan bertan, bi familiak, horietako bat Portugaletekoa, 280.000 sinadura aurkeztu dituzte Kongresuan eutanasia arautzeko legea desblokea dezan.