Gizartea -
OSASUNA
Beste bi legionelosi kasu atzeman dituzte Gasteizen
Horrenbestez, dagoeneko zazpi dira gaitz honekin kutsatutako pertsonak Gasteizen, azken asteotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beste bi legionelosi kasu atzeman dituzte Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez. Horrenbestez, dagoeneko zazpi dira gaitz horrekin kutsatutako pertsonak Arabako hiriburuan, azken asteotan.
Osasun Sailak zabaldutako oharrean zehaztu dutenez, kutsatutako azken bi pertsonak erietxean daude, baina haien osasun egoerak hobera egin du. Gainerakoei, berriz, dagoeneko alta eman diete.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak protokoloa martxan dauka, bakterioaren jatorria atzemateko. Halere, lehen ikerketen arabera, "kutsatutako pertsonen artean ez dago loturarik".
Hori bai, kasu bat izan ezik, gainerako guztiak bederatzi eguneko tartean kutsatu dira, urtarrilaren 23tik 31ra bitartean.
Gaur zabaldutako oharrak dioenez, orain arte hainbat eraikinetako hozte-sistemak eta iturriak ikertu dituzte, baina horietan ez da legionelosiarekin zerikusia duen bakteria aurkitu.