Gizartea -
Sexu-abusuak
Irakasleak lanean jarraitu zuen, Salestarren zuzendaritzak salaketen berri izan arren
Radio Euskadik jakin duenez, sexu-abusuengatik salatutako irakasleak lanean segitu zuen, ordurako zuzendaritzak gertakarien berri bazuen ere. Epe horretan beste ikasle bati egin zizkion gehiegikeriak.
EITB.EUS
Sexu-abusuengatik ikerketapean dagoen Deustuko Salestarren ikastetxeko irakasleak klaseak ematen segitu zuen ikasturte hori bukatu arte, ordurako zuzendaritzak salaketen berri bazuen ere.
Joan den ostiralean, Salestarren zuzendaritzak oharra kaleratu zuen 1989ko azken hilabeteetan sexu-abusuengatik bi salaketa jarri zirela jakin zutela aitortzeko, eta salatutako irakaslea zentrotik nahiz Kongregaziotik bota zutela zehazteko.
Alabaina, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, ez zen horrela izan. Irakasle horrek klaseak ematen eta tutore lanetan jarraitu zuen ikasturte horretan eta, tarte horretan, beste ikasle bati egin zizkion sexu-gehiegikeriak.
Hala dio irakasle horren aurka beste biktima batek Ertzaintzan aurkeztu duen salaketak.
Guztira, hiru dira orain arte salatutako irakasle ohiak.