Gizartea -
Arabako lurralde-auzitegia
Zadorran, 2016an, agertu zen emakumea hil izana onartu du akusatuak
Etxean eztabaida batean biktimak “bere onetik” atera eta hil zuela onartu du gizonak, eta gorpua maleta batean sartzea erabaki zuen, horregatik zatitu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Margarita 60 urteko emakumearen gorpua zatiturik agertu zen Zadorra ibaian (Gasteiz), 2016an. Etxean eztabaida batean biktimak “bere onetik” atera eta hil zuela onartu du akusatuak, eta gorpua maleta batean sartzea erabaki zuen, horregatik zatitu zuen.
Margaritaren ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa Arabako Lurralde-auzitegian egiten ari dira. Fiskaltzak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu du, aurrez pentsatutako hilketa delitua egotzita.
Akusatuak 43 urte zituen gertakariak jazo zirenean. Era berean, hildako emakumearen bi seme-alabei 100.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu dute.
Akusatuak asteazken honetan deklaratu du, eta Fiskaltzaren zein abokatuaren galderei erantzun die. Gertakariak lasai eta modu aseptikoan zehaztu ditu. Kontakizunaren arabera, krimena 2016ko ekainaren 15ean gertatu zen. Akusatuak eta Margaritak eztabaida izan zuten Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean.
Hilketa egunean 12-15 garagardo eta kalamua hartu zituela azaldu du akusatuak, baita “alaitzeko” trankimazin bi pilula ere. Gainera, diagnostikatutako nortasun nahasmenduagatik botikak hartzen zituen goizero.
Logelan, Margaritaren gorpua zatitzeko bi egun behar izan zituela azaldu du akusatuak. Bi egun horietan zehar “bizitza normala” egiten saiatu zela erantsi du.
Ondoren, gorpua zatiturik ibaira bota zuen, poltsatan bilduta. Gorpua bertaraino oinez eraman zuen maleta eta motxila batean, baita gorpua zatitzeko erabilitako tresna guztiak ere.
Biktimaren arropak zaborrera bota zituen, eta diru-zorroa prostituta bati oparitu zion. Etxebizitza lanbas batekin garbitu zuen, eta hormetako ziliportak amoniakoarekin.