Gizartea -

Klima aldaketa

Mende bukaeran EAEko hiriburuetan tenperaturek 3-5 gradu gora egitea espero dute

Gainera, Euskadiko biztanleriaren ia % 80 biltzen duten 40 udalerriek uholdeak, itsasmailaren igoera eta beroaldiak bezalako muturreko fenomenoak jasango dituzte.

ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Mende bukaeran EAEko hiriburuetan tenperaturek 3-5 gradu gora egitea espero dute
Mende amaierarako 4 gradu igoko omen da tenperatura EAEn

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mende bukaeran, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, tenperatura maximoek 4-5 gradu gora egitea espero dute. Era berean, tenperatura minimoek 3-4 gradu gora egingo dute, iragarpenen arabera. Gainera, EAEko biztanleriaren ia % 80 biltzen duten 40 udalerrik uholdeak, itsasmailaren igoera eta beroaldiak bezalako muturreko fenomenoak jasango dituzte.

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen hobekuntzarako sozietateak atlas klimatiko bat osatu du, 1971tik egunero bildutako datuak erabiliz, eta, etorkizunera begira, aurreikuspenak egin ditu Klima-aldaketaren Gobernu arteko Panelaren (IPCC) jarraibideekin.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak ondorioen berri eman du astelehen honetan. Bestalde, martxoaren 6tik 8ra bitartean Kursaalen egin beharreko 'Change the Change' Klima-aldaketaren Nazioarteko Konferentzia aurkeztu dute. Biltzarraren edukiaren eta hizlarien berri eman dute.

Arriolak jakitera eman duenez, Ihoberen azterketen arabera, Donostian, Bilbon eta Gasteizen 35 graduak gaindituko dituzte termometroek beste 10 egunetan.

Euskadin, orokorrean, XXI. mendearen bukaeran, neguko hilabeteetan muturreko tenperatura minimoek 1-3 gradu gora egitea espero dute, baita udan muturreko maximoek 3 gradu gora egitea ere.

Donostian, Bilbon eta Gasteizen termometroak 35 graduak gaindituko dituzte urtero 10 egun gehiagotan

2020tik aurrera, neguan izotza botako duen egunen kopurua erdira murriztuko da, eta astebete baino gehiagoko iraupena duten hotzaldiak desagertuko dira. Udan, ostera, beroaldiak luzeagoak izango dira, eta sarriago gertatuko dira.

2020tik 2050era bitartean, beroaldiek udako egunen % 30 hartuko dituzte, eta mende amaieran % 50 izan daiteke.

Prezipitazioei dagokienez, 2100ean euriteak % 15-20 murriztea espero dute, sailburuak ohartarazi duenez. Hala ere, neguan % 5-20 areagotuko dira, eta udan % 30-50 murriztu. Orokorrean, euri-jasa handiak izango dira egun gehiagotan, eta egun gutxiago, aldiz, euri arinarekin.

Uraren tenperaturak eta itsasmailak gora egingo dutela azpimarratu du Arriolak, baita flora inbaditzailea, lurzoruaren degradazioa, laborantzan eta baso ekosistemetan eragina eta herritarren osasunean ondorioak areagotu ere.

'Change the Change' biltzarra Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute. Klima-aldaketako 50 bat adituk hitzaldiak emango dituzte Donostian, zortzi esparrutan banaturik: planetaren osasuna, eskualdeen papera, hiri-eremua, jasangarritasuna, trantsizio energetikoa, ekonomia, hezkuntza eta emakumeen lidergoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Uholdeak Ingurumena Bero-boladak Larrialdi klimatikoa