Gizartea -
OSASUNA
Bost legionelosia kasu agertu dira Gasteizen
Osasun Sailak jakitera eman duenez, hiru pertsona ospitaleratuta daude une honetan, baina onera egiten ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak protokoloa aktibatu du, Gasteizen urtarrilean bost legionelosia kasu egiaztatu ondoren, horien jatorria argitzeko. Lau kasu oso denbora epe gertukoan eman dira.
Osasun Sailak informazio hori eman die jada beharrezkoa den erakunde guztiei, segurtasun eta prebentzio-neurriak hartzeko, eta agerraldi horren bilakaeraren segimendua eta zaintza egiteko.
30 eta 84 urte bitarteko bi emakume eta hiru gizon dira kutsatuak. Urtarrilaren 7aren eta 29aren bitartean agertu ziren sintomak eta bostak ospitaleratu behar izan zituzten. Une honetan, hiru pertsonek ospitaleratuta jarraitzen dute, baina onera egiten ari dira.
Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kasu guztien inkesta epidemiologikoa egin du eta informazioa Osasun Publikoaren Zuzendariordetzaren Ingurugiro Osasun zerbitzuari eta Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren zerbitzuari eman dio, fokua zehazteko ingurumen-ikerketa abiarazteko. Inkestaren bidez jakin da gaixoetako hiruren etxeak elkarrengandik nahiko hurbil daudela.Azken egunetan, eraikin eta establezimendu batzuetako hozte-sistemak aztertu dira, bai eta, susmoen arabera, kutsaduraren jatorria izan daitekeen gunean dauden iturriak ere, eta garbiketa- eta desinfekzio-tratamenduei buruzko dokumentazioa eskatu da. Oraingoz, emaitza guztiak negatiboak izan dira, baina ikerketa amaitu arte, aktibatuta izango da protokoloa datozen egunotan.2018an, 118 pertsona kutsatu ziren bakterio honekin. Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 5ekoa izan zen. Lurraldeen arabera, Araban 18 kasu erregistratu ziren, Gipuzkoan 54 eta Bizkaian 46.