Gizartea -
Sexu-abusuak
Gehiegikeriengatik salatutako Salestarren ikastetxeko irakasleak hiru dira
ETBk jakin ahal izan duenez, azkeneko salaketatan beste bi irakasle nahasi dituzte erasoekin, tartean garai hartan ikastetxeko zuzendaria izan zena.
EITB.EUS
Deustuko Salestarren ikastetxean izandako sexu-abusuen kasuan nahasitako irakasleak hiru izango lirateke.
ETBk jakin ahal izan duenez, azkeneko salaketetan beste bi irakasleren izenak eman dituzte biktimek, tartean garai hartan ikastetxeko zuzendaria zena.
Oraingoz, 20 salaketa aurkeztu dituzte Ertzaintzan, baina datozen egunetan kopuru horrek gora egin dezakeela uste dute.
Gertakariak 80ko hamarkadan jazo ziren, biktimak umean zirenean.
Gaur arratsaldean ehunka lagun bildu dira Deustun, sexu gehiegikeriak jasan zituzten pertsona horiei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Biktimak, haien senide eta lagunak, zentro horretako ikasle ohiak eta Deustuko bizilagunak elkartu dira San Pedro plazan, 'Egiak ez du preskribatzen, inpunitaterik ez' lelopean.
Hamabost minutuko bilkura isila amaituta, biktimek idatzitako adierazpena irakurri dute. Salestarren ikastetxeak izan duen jarreragatik triste eta dezepzionatuta agertu dira, "anbiguotasunarekin jokatu dutelako eta horrek min eman digulako".
"Gure familiek konfiantza guztia jarri zuten zuengan. Argitasunez eta irmotasunez hitz egitea merezi dugu: hartuko dituzuen neurriak zeintzuk izango diren esatea eta gertatu dena aitortzea nahi dugu. Bazenekiten zer ari zen gertatzen eta ezkutatu egin zenuten", salatu dute.
Bestalde, agintariei eta alderdi politikoei ere zuzendu zaizkie, sexu-abusu delitua inoiz ez preskribatzeko legedia aldatu dezatela eskatuz.