Gizartea -

Eliza

Elizak gutxienez 2.518 ondasun immatrikulatu ditu Nafarroan

Elizak egindako immatrikulazio guztiak baliorik gabe utziko dituen lege bat sortzeko eskatu du Nafarroako ondasunak babesteko plataformak Diputatuen Kongresuan.

Eliza bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Eliza bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Eliza bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako ondasunak babesteko plataformak jakinarazi duenez, Eliza katolikoak gutxienez 2.518 ondasun immatrikulatu zituen Nafarroan 2007ra arte.

Andres Valentin elkarteko bozeramaileak zehaztu du Elizaren izenean dauden ondasunen zerrendatik atera dituztela datu horiek, eta, beraz, saldu dituzten ondasunak ez direla kontuan hartu. Hortaz, "immatrikulazioak askoz gehiago dira", azpimarratu du.

1998ra bitartean, 1.431 ondasun immatrikulatu zituen Elizak. Ondasun horien erdia baino gehiago, zelaiak, lursailak, ortuak eta larreak ziren. Halaber, etxeak, eraikinak edo lorategiak ere ageri dira zerrenda horretan. Soilik immatrikulatutako ondasunen % 5 dira gurtzeko tokiak.

1946ko Hipoteken Legeak baimena ematen zion Eliza Katolikoari elizak, gurtzarako tokiak zein etxebizitzak eta beste mota batzuetako orubeak bere izenean erregistratzeko, jabetza idatziz egiaztatu behar izan gabe. Aukera hori 1998an onartutako legearen erreforma batek zabaldu zuen, Alderdi Popularra Espainiako Gobernuaren agintean zegoela.

Valentinek onartu du ez zutela espero immatrikulatutako ondasun kopurua horrenbestekoa izatea. Datu asko eskuratu badituzte ere, daukaten informazioa nahikoa ez dela uste dute. Hori dela eta, jabetza-erregistroetara joateko eta agiriak eskatzeko deia egin diete udalei.

Bestalde, arazo honek Nafarroari ez ezik, Estatu osoari eragiten diola gogoratu du. "Gai honek ez dauka erlijioarekin zerikusirik, ondasunei lotutako arazo juridiko bat da", nabarmendu du Valentinek.

Gauzak horrela, plataforma honek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egiteko eskatuko du, bildutako informazioaren berri emateko eta talde politikoei zer egin daitekeen aztertzeko eskatzeko.

Ildo berean, Elizak egindako immatrikulazio guztiak baliorik gabe uzteko lege bat sortzeko eskatu dute Diputatuen Kongresuan. "1978az geroztik egindako immatrikulazio guztiak legez kanpokoak dira", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur