Gizartea -
Kanpaina transfobiko polemikoa
Barne Ministerioak Hazte Oir elkarteari onura publikoaren deklarazioa kendu dio
Elkartearen kanpaina polemiko transfobikoak beste aukera batzuk gutxiesten dituela eta errespetu falta bat suposatzen duela uste du Barne Ministerioak.
Agentziak | Erredakzioa
Barne Ministerioak Hazte Oír elkarteari onura publikoaren deklarazioa kendu dio. Elkartearen kanpaina polemiko transfobikoak beste aukera batzuk gutxiesten dituela eta errespetu falta bat dela uste du Ministerioak.
Hazte Oír elkartearen kanpainak interes orokorrik bultzatu ez zuela ulertzen du Ministerioak ebazpenean, nahiz eta “adierazpen askatasunak eta askatasun ideologikoak babestu”. 2013an interes orokorrekoa izendatu zuten.
Barne Ministerioaren hitzetan, baldintzak eta mugak “gainditu” zituen elkarteak 2017an, elkarte katolikoak autobus batekin zenbait hiri zeharkatu zituenean, “Mutikoek zakila dute; neskatoek alua dute. Ez zaitzatela engainatu. Gizon jaiotzen baldin bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu izaten” lelopean.
“Mezu hain esplizitua interes orokorraren aurkakoa da, gizarte anitz baten tolerantziarekiko irizpideak kontuan hartuta, eta pertsonen duintasunarekiko errespetuagatik”, azaldu du Ministerioaren ebazpenak.
Hazte Oír elkartearen askatasun ideologikorako eskubidea zalantzan jarri nahi ez dutela argi utzi du Ministerioak, ezta hezkuntzan bere ideiak zabaltzeko eskubidea ere. Dena dela, “oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak erabiltzen dituena moduak izan ditzakeen ondorio juridikoen erantzule da”, gogorarazi du.
“Familia, genero nortasuna, haurren hezkuntza ulertzeko beste modu batzuk objektiboki gutxiesten edo iraintzen dituzten” jokabideak onura publikoarekin “bateraezinak” direla errepikatu du Barne Ministerioak.
Exekutiboaren ahotan, aniztasun horrek “gure gizartean gero eta presentzia handiagoa du”; horregatik, errespetu faltak “Hazte Oíren ikuspegiarekin ados ez dagoen sektore zabal bat” iraintzen du.
Erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko du Hazte Oírek auzitegietan, “jazarpen politiko eta ideologiko argia” dela iritzita.
“Gure erantzuna irmoa izango da: ebazpena auzitegietan errekurrituko dugu, eta autobus berri bat martxan jarriko dugu datozen asteetan, feminismo erradikalaren eta genero ideologiaren aurka”, aurreratu du Ignacio Arsuaga Hazte Oíreko presidenteak agiri batean.