Gizartea -

DENBORALEA

Amaitu dira elurragatik eta uholdeengatik ezarritako alerta laranjak

Urtegiak eta ibaiak zorrotz zaintzen jarraituko dute, Zadorra batez ere, desizozteak eragin ditzakeen arazoak kontrolpean izateko. Elurrari dagokionez, zabalik dago errepide sare nagusia.

Ibaia hazita, Bergaran. Argazkia: Konsuelo Errasti.
Ibaia hazita, Bergaran. Argazkia: Konsuelo Errasti.
Ibaia hazita, Bergaran. Argazkia: Konsuelo Errasti.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak amaitutzat jo du elurragatik eta uholdeengatik Kantauri isurialdean ezarrita zuen alerta laranja, nahiz eta urtegiak eta ibaiak zorrotz zaintzen jarraituko duten, Zadorra batez ere, desizozteak eragin ditzakeen arazoak kontrolpean izateko.

Euri-jasa handiengatik eta olatuengatik ezarri zuten abisu horia ere bertan behera geratu da. Dena dela, EAE barrualdean 15:00ak arte indarrean izan da elurragatik jarritako abisu horia. Hortik aurrera, 500 metrora igoko da arratsaldean zehar eta gauerako 1.000 metrotan egongo da elur-kota.

Baldintza meteorologikoen hobekuntza dela eta, Nafarroako Gobernuak ere bertan behera utzi du gaur goizean izan diren elurteengatik ezarrita zegoen aurrelarrialdi egoera.

Ildo beretik, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak ere bertan behera utzi dute neguko plan berezia, errepideetan, 14:00etan.

Goizean, zuritura esnatu dira Nafarroan

Zurituta esnatu dira gaur Iruñea eta Nafarroa osoko beste hainbat herri. Pirinio inguruko eskualdeetan bota du elurra, batez ere, baina Lizarra edota Tafalla bezalako herriak ere zuritu ditu.

Zortzi zentimetroko elur geruza batek estali ditu Nafarroako hiriburuko kaleak, eta bertako Udaltzaingoak jakitera eman duenez, ez da aparteko arazorik gertatu. Hori bai, ahal izatera ibilgailurik ez hartzeko gomendioa luzatu diete herritarrei.

Errepide sare nagusia zabalik dago Nafarroan, baina bigarren mailako hainbat bide itxita daude, atzotik, elurra dela eta. Ondorengo errepideak dira itxita daudenak:

- NA-137 Burgi - Izaba - Belagua, 47. Km.

- NA-2000: Izaba - Zuriza, 6. Km

- NA-2012 Otxagabia - Irati, 8. Km.

- NA-2011 Salazar - Larrau, 7. Km.

- Aralarko San Miguel: NA-7510, 3. Km.

(Informazio osoa, eguneratuta, hemen)

Iruñeko aireportua ere elurrez estalita esnatu da, baina ez horrek ez du bere martxa eten:

Astelehenerako iragarpena

Euskalmenten arabera, bihar egunaren hasieran ateri eutsiko dio eta ostarteak agertuko dira, baina hotz handia egingo du nonahi; barnealdeko hainbat tokitan izotza botako du

Egunaren erdiko orduetan hodeiak ugarituz joango dira eta arratsalde-gau partean euri txikia egingo du, bereziki kantauri isurialdearen ekialdean, hau da Gipuzkoa eta Nafarroa ipar partean; elur-kota 1500 metrotik gora egongo da.

Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek gora egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Araba Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala