Gizartea -
Gazteak eta joko-adikzioa
Jokalariak gero eta gazteagoak direla ohartarazi dute ludopatia elkarteek
Kirol apustuak beste edozein joko baino azkarrago hedatu dira azken bost urteetan EAEn. Jokalariaren profila nerabea eta gaztea izatea 'oso kezkagarria' da elkarteentzat.
Mikel Dominguez | eitb.eus
Joko-adikzioa kezka handia da ludopatia elkarteentzat. Osatuta dauden jokozale izandakoak biltzen dira elkarte horietan, joko patologikoak eragindako pertsonak eta beren familiak laguntzeko.
Jokoa, askotariko formetan, igo egin da azken urteetan. Jokoari buruz ari bagara, loteriak eta kinielak daude oraindik zerrendaren goiko postuetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, herritarren laurdenak jokatzen du horietan astero, 2012an baino 3 puntu gehiago.
Kirol apustuek oraindik urrun daukate loteria, baina azken bost urteetan gehien handitu den jokoa da. Euskadiko 2017ko Adikzioen gaineko inkestaren arabera, baina, arrisku-ereduak mantentzen dituzten proportzioa ez da aldatu azken urteetan: % 0,6.
Hala ere, jokalaria gero eta gazteagoa da. Bataz besteko adina jaistea online jokoen eta kirol apustuen hedakuntzagatik azaltzen da. 2018an, Ekintza-Aluviz elkartera joan zirenen % 34k 18 eta 25 urte artean zituzten. Portzentaje hori "oso kezkagarria" da Bizkaiko elkartearentzat, kuantitatibo zein kualitatiboki, "gure herritar gazteen zati garrantzitsu baten narriadura dakarrelako".
Elkarteek esan dutenez, jokoarekin arazoak dituztenen profila aldatzen ari da azken urteetan. Ez soilik adinagatik, baita jokoetan dirua erabiltzea aurreko hamarkadetan baino normalizatuago dagoelako ere.
Zergatik igo dira hainbeste online jokoak eta kirol apustuak? Hego Euskal Herrian, Espainiar Estatuko 13/2011 Legeak arautzen du jokoa. Onartu zenetik, Estatuan apustuetan egindako gastua boskoiztu egin zen, eta 2017an 7 milioi eurotik gora izan ziren. Online jokoetan eta joko aretoetan berdintsua izan da eboluzioa.
Modu berean handitu da publizitatea. 2013an 100.000 inguru izan ziren iragarkiak, eta 2017an, ia 3 milioi.
Testuinguru horretan hurbildu dira gazteak erraztasun gehiagorekin jokora. Dudarik gabe, biztanleriaren zati ahula da. Jokoa Antolatzeko Zuzendaritza Orokorraren arabera, jokatzen hasi zirenenean adingabeak zirenen ia erdiak joko patologikoa garatu zuten.
2018an, Ekintza-Aluviz elkarteak 256 lagun gehiago artatu zituen Bizkaian, baita horien senideak ere. Guztira, 741 lagunek jaso zituzten elkarte horren laguntza eta aholkularitza.
Gipuzkoan, Ekintza-Bizi Berria elkarteak 95 erabiltzaile berri izan zituen 2018an. % 91 gizonezkoak ziren, elkarte horren iritzian, emakumezkoen menpekotasunek "estigma gehigarria" dutelako. Hori dela eta, emakumeei bereziki zuzendutako taldea osatuko dute aurten.
Araban, 47 pertsona joan ziren lehenengo aldiz Asajer errehabilitazioan dauden jokalarien elkartera. Guztira, jokoarekin eta apustuekin –batez ere, makina txanponjaleak, kirol apustuak eta erruletak- arazoak zituzten 115 lagun artatu zituzten. 35 urte zuten bataz beste.
Aralar ludopaten Nafarroako elkarteak ohartarazi duenez, ludopatek gora egin dute. "Makina txanponjaleak kirol apustuengatik ordezkatu ditugu, oso eskura baititugu", argitu dute.
"Urteko 365 egunetan atsedenik gabe" eskuragarri dauden online jokoak agertu ondoren, gazteak dira jokozale berri gehienak.
Aralarrek azaltzen duenez, orain dela urte batzuk gero eta gutxiago ziren jokalariak, makina txanponjaleetan zebiltzanak adinduak zirelako, baina "gizartean joko mota berriak sartzearekin batera, arazoa berriz aktibatu dela ikusi dugu".
Zer egiten dute elkarteek?
Jokozaleak osatzea bilatzen dute elkarteek, baina prebentzioan ere indarrak jartzen dituzte, online jokoaren, apustu etxeen eta makina txanponjaleen arautzeari garrantzia emanez.
Ekintza-Aluvizek azaltzen duenez, boluntarioak dira —joko adikzio bat izandakoak— laguntza eske doazenei —adikzioa dutenak zein familiarrak— aholku ematen dietenak, baina elkarteetan ere psikologoek, gizarte-langileek eta abokatuek osatutako talde teknikoak daude.
Lehendabizi, boluntarioek laguntza eske etorritakoak hartzen dituzte. Fase horretan, jokozaleek zein familiarrek beharrezko informazioa jasotzen dute. Gertuko pertsona baten laguntza garrantzitsua izaten da prozesu osoan zehar.
Gero, pazienteak aldaketa gauzatzeko motibatzen dituzte boluntarioek. Elkarteak azaltzen duenez, "pazienteak jarrera aktiboa dauka bere errehabilitazioan, ez baitago joko patologikoa edo jokabide adikzioak konpontzen dituzten bitarteko farmakologikorik".
Gero, talde terapiak datoz. "Oso aberasgarriak dira", pazienteak ikuspuntu desberdinak ezagutzeko aukera dituelako. Laguntzarako talde hauek jokozale ohiek koordinatzen dituzte, eta horiek eredugarri izaten dira laguntza behar dutenentzat.
Azken fasean, psikologo batek eta jokozale ohi batek koordinatutako etapan, pazienteek ohiko bizitzarako beharrezkoak diren bitartekoak berreskuratzea da helburua. Horiek kognitiboak (okerreko usteak zuzentzea) eta emozionalak (autoestimua, komunikazioa, emozioen identifikazioa eta erregulazioa) izan daitezke.
Kaltetua birgizarteratu arte, egoeraren jarraipena egiten dute.
Hala ere, elkarte hauen lana ez da bakarrik pazienteei laguntzea. Herritarren kontzientziazioan jartzen dituzte indarrak, komunikabideetan egindako kanpainen edo beste aktibitateen bitartez.
Gazteek gero eta errazago dute jokora hurbiltzea, eta hedabideetako eta kiroletako aurpegi ezagunek parte hartzen duten iragarkiek apustuak bultzatzen dituzte. Horretaz ohartarazten saiatzen dira elkarteak, sustantziarik gabeko adikzioak behingoz gelditzeko helburuarekin.