Gizartea -

Adingabeei egindako abusuak

Deustuko ikastetxean abusuak salatu dituztenei 'babesa' adierazi diete Salestarrek

Salestarren Kongregazioak, gainera, "barkamena" eskatu du ikastetxean 1980ko hamarkadan "gertatu ahal izan ziren jazoera gaitzesgarriengatik, eta atzeman ez izanagatik".

Deustuko Salestarren ikastetxea / Argazkia: Wikipedia.
Deustuko Salestarren ikastetxea.
Salestar ohiaren aurkako zazpi salaketa ditu jada Ertzaintzak

0:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salestarren Kongregazioak "babesa" adierazi die 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta abusu fisikoak jaso zituztela salatu duten Deustuko ikasle ohiei, eta "barkamena" eskatu die "hain gaitzesgarriak diren gertakari horiek gertatu badira".

El Paisek argitaratu duenez, Deustuko Salestarren zortzi ikasle ohik salestar ohiaren kontrako salaketa aurkeztu dute Ertzaintzaren aurrean, 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta fisikoak egitea leporatuta.

Adierazpen batean, "barne ikerketa" bat abiarazi dutela esan dute Salestarrek, "eta momentuz" ez daukatela garai horretan salaketarik aurkeztu ziren frogarik.

Urtarrilaren 25ean, salatutako salestar ohiarekin jarri ziren harremanetan, eta Kongregazioa "biktimen esku" jarri dela eta haien asmoa "Justiziari laguntzea" dela esan zioten.

Azaldu dutenez, salaketa jarri dutenetako batzuek Deustuko Salestarrekin hitz egin dute, eta "hasieratik" Kongregazioa "entzuteko eta beharrezkoa den laguntza emateko prest" agertu dela esan dute.

Salestarren Kongregazioak, gainera, "jarritako salaketak epaitegietan izan dezakeen ibilbideaz aparte", biktimei "laguntza" helarazi die "gertakizunak ikertuta izan daitezen eman duten urratsagatik", eta "haien eskuetan" jarri da.

"Barkamena eskatu nahiko genuke gure artean gertatu ahal izan ziren jazoera gaitzesgarri hauengatik, eta atzeman ez izanagatik", gehitu dute Salestarrek.

Ikerketan zehar, "oraindik bizirik dauden beste zuzendarirekin eta urte haietan ikastetxean lanean ibili ziren beste salestarrekin" hitz egin dute, eta "garai hartan salaketarik ez" zela egon egiaztatu dute. "Dena dela, Justiziak hala eskatuz gero, horren eskura jarriko ditugu beharrezkoak diren informazio, datu nahiz dokumentu guztiak", gaineratu dute.

Salestarrek azpimarratu dutenez, "sexu-askatasunaren aurka doan edozein delitu pertsonaren duintasunaren kontrako atentatu larria da". "Adingabeen kasuan, are gehiago sentitzen dugu, bereziki gure ikasleengatik", esan dute.

"Gure ikasleen segurtasunari kalte egin diezaiokeen jokabiderik ez dugu inolaz ere onartuko", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Azken ordukoa Bizkaia Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Erlijioa albisteak gaur Eraso sexualak gaur Deustuko auzoa Salaketak bideoak Eliza Katolikoa eta abusuak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur